Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kultur hedapenerako programaren barruan, Zinemaren historia serieko zortzigarren kapitulua emango dute gaur. Zehazki, 60ko hamarkadako Hollywood izango dute oinarri Photomuseumen, 18:00etan hasiko den saioan. Sarrera doakoa izango da, aretoko edukiera betetzen den arte.
Hollywooden, zinema dokumentalak ekoizpen komertzialetan izan zuen eragina nabarmentzen da, Easy Riderek (1969) adibidez, narratiba askeagoa eta esperimentalagoa ezarri zuen. Gainera, 2001: A Space Odyssey (1969) aipatzen da, zientzia-fikziozko zinemaren eta ikusizko narratibaren mugak birdefinitu zituen lana.
Roman Polanski, Andrei Tarkovsky eta Nagisa Oshima zinemagileen eragina ere jorratzen da, ikuspegi eta estilo narratibo berriak ekarri zituzten eta. Polanskik beldurrezko giro psikologikoa sartu zuen bere lanetan, Tarkovskyk espiritualtasuna eta memoria aztertu zituen, eta Oshimak Japoniako zinemako arau sozial eta politikoei aurre egin zien.