Egitarau oparoarekin dator aurten ere Familia Giroan egitasmoa

Julene Sorarrain 2025ko api. 24a, 10:00

Zarauzko Udaleko ordezkariak eta antolatzaileak Familia Giroan egitasmoaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Maiatzaren 1ean ospatuko dute Familia Giroan ekimenaren laugarren edizioa, eta Zarauzko Turismo sailak egun osoko egitarau biribila prestatu du "herriak eskaintzen dituen elementuez gozatzeko". 

Zarauzko Turismo sailak, Gizarte Zerbitzuen eta Ingurumen sailekin elkarlanean, eta Zurekin eta Murkil elkarteen laguntzarekin, Familia Giroan egitasmoaren laugarren edizioa antolatu du aurten ere. Maiatzaren 1ean jarri dute hitzordua, eta helburua "herriaz familian gozatzea" izango da. 

Horretarako, egun osoko egitarau biribila prestatu dute "herriak eskaintzen dituen elementuez gozatzeko", besteak beste natura, bisita gidatuak, puzgarriak eta magia ikuskizunak. 

“Udaleko Turismo departamentuak urteak daramatza Familia Turismoa sustatzeko lanean eta bide beretik jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere, onartu berri dugun, herriko elkarte eta enpresekin elkarlanean, Turismoaren Plan Estrategiko berriaren baitan” , adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Horrez gain, udalak azpimarratu nahi izan du jarduera batzuk "aforo mugatua" dutela, eta beharrezkoa izango dela aurrez Turismo Bulegoan izena ematea, apirilaren 28a baino lehen zehazki. Parte hartzeko informazio guztia honako lotura honetan aurki daiteke.

Bestalde, udalak ekimen hau baliatu nahi izan du "dibertsitate funtzionala duten haur edota familien beharrei erantzuteko". Hori horrela, antolatu diren ekitaldi eta jardueren artean, batzuk egokitu dira, hala nola, Baso-bainua, Arkamurka ibilbidea eta puzgarriak. Familien beharrei hobeto erantzuteko eta jardueren inguruko informazio gehigarria izateko, Turismo Bulegoarekin harremanetan jarri daitezke 943-83 09 90 zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide