Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatuta, igande honetan egingo dute XX. Pagoeta Mendi Lasterketa. Goizeko 08:00etan zabalduko dute kiroldegiko zerbitzua, parte-hartzaileek beroketa lanak egin ditzaten. Ordu berean zabalduko dute kontsigna zerbitzua, baita dortsalen banaketa hasi ere.
Goizeko 09:30ak aldera emango zaio hasiera ibilbide luzeari, Kikara kafetegitik abiatuta; ibilbide mistoa, berriz, 09:45ean hasiko da. Korrikalariak mugara iritsi ondoren, sari banaketa egingo dute 12:30ak aldera.
Aurtengo edizioan ere bi ibilbide izango dituzte korrikalariek aukeran: ibilbide nagusia bata, eta ibilbide mistoa bestea. Ibilbide nagusian 300 korrikalarirentzako dortsalak banatu zituzten, baina izen-emateak "inoiz baina lehen" amaitu direla ikusita, antolatzaileek 375 dortsaletara igo dute kopurua. Hori horrela, ibilbide horretan oraindik izena eman daiteke. Ibilbide mistoan, berriz, itxaron-zerrenda dago.
Ibilbide luzeari dagokionez, aldaketa txiki bat dago aurten: lehen Mazinger deitzen den inguruan gorako eta beherako lasterkariak gurutzatu egiten ziren. Hori saiesteko, Urruztumeko Geodesikora iristean, lasterkariak gurutzera bidea hartu beharrean Murugilera joango dira. Handik, gurutzera itzuli eta Aiarako norantzan jaitsiko dira "Sustrai" bidetik Mazingerrera iristeko. Ondorioz, ibilbidea aurreko urtean baino apur bat luzeagoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Hala, izena emateko azken eguna apirilaren 24a izango da, eta interesa duenak honako lotura honetan egin dezake. Inskripzioak 25 euro balio du. Bestalde, antolatzaileek etiketa berdearen filosofiarekin bat egin nahi izan dute, eta horretarako korrikalari guztiei beren edalontziak eramatea eskatu die. Lasterketa ondoren, urtero bezela, hamaiketakoa eskeiniko da parte hartzen duten guztientzat.