Etxekoak jaun eta jabe Kimu Nesken VI. Txapelketan

Intza Trula 2025ko api. 19a, 10:15

Astiko futbol zelaian jokatu zuten txapelketa, atzo arratsean. Goizean, berriz, XIX. Jose Angel Iribar Txapelketa jokatu zuten, eta Zumaiako nagusitu zen bertan.

Etxean geratu da aurten Kimu Nesken VI. Txapelketako garaipena, Zarautz KE taldea nagusitu baitzen atzokoan Astiko futbol zelaian. Txapelketa bikaina egin ostean, merezimendu osoz eta lagun zein guraso guztien txalo artean altxatu zuten garaikurra neskek. 

16:00etan ekin zieten neurketei, bi multzotan banatuta. Zarautz KEk Intxaurdi, Aiztondo eta Amaikak bat taldeak izan zituen aurrez aurre lehenengo fasean. Apurka-apurka neurketak irabazten joan zen etxeko taldea, eta final handirako txartela eskuratu zuen. Azken neurketa horretan, txapelketako talderik indartsuena izan zuen aurrean, Reala, baina Igor Bordagarairen taldea ez zen kikildu, eta garaipenaren bila atera zen zelaira. Saioak sartu zuen neurketako gol bakarra, eta txuri urdinek berdinketa eskuratzeko saiakerak egin bazituzten ere, 1-0eko markagailuarekin amaitu zen partida.

Sari banaketan, jokalari onenaren saria ere banatu zuten antolatzaileek: Martutene taldeko Isabel Esnaolari eman zioten garaikurra.

Mutiletan, zumaiarrak txapeldun

Lehenago, goizean, XIX. Jose Angel Iribar Txapelketa jokatu zuten maila bereko mutilek. Orotara, hamasei taldek parte hartu zuten bertan, eta Zumaiako izan zen guztietan hoberena. Nesken moduan, Realaren aurka jokatu zuten finala zumaiarrek ere, eta 2-1 irabazi zieten donostiarrei.

Iribarren omenezko txapelketan atezain onenaren saria ere banatu zuten: Zarautz KEko Martin Mendibururentzat izan zen garaikurra, hain justu ere.

Giro bikaina izan zen goizean nahiz arratsaldean, eta aurreko urteetan bezala,  jende ugari bildu zen harmailetan nahiz zelaien ertzeetan, futbolariak animatzeko.

Gaur, azkena

Zarautz Kirol Elkarteak hiru txapelketa antolatzen ditu Aste Santuan: Jose Angel Iribar Txapelketa, Kimu Nesken Txapelketa eta Gonzalo Urkia Txapelketa. Azken hori jokatzen ari dira gaur Astin. 09:30ean hasi dituzte partidak 2012an jaiotako infantil mutilek. Honako hauek dira multzoak:

  • A multzoan: ZKE Erne A, Ostadar SKT eta Lekeitio FT.
  • B multzoan: Orioko FT, Touring KE eta Ordizia KE.
  • C multzoan: Hernani CD, Lengokoak KE eta CD Arnedo
  • D multzoan: ZKE Erne B, Reala eta Aurrera Ondarroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide