Sarrera gutxi batzuk geratzen dira 'Ots' dantza ikuskizunerako

Intza Trula 2025eko apirilaren 18a

'Ots' dantza emanaldiko irudi bat. (Haatik)

Apirilaren 25ean, 20:00etan, eskainiko du emanaldia Haatik dantza konpainiak. Sarrerak Kutxabank atari digitalean eskuratu daitezke, 8,30 euroren truke.

Haatik dantza konpainiaren Ots emanaldia ikusi ahal izango da Modelo aretoan, eta hori ikusteko sarrerak agortzear daude. Gaur zortzi, apirilaren 25ean, 20:00etan, eskainiko dute dantza ikuskizuna, eta joateko interesa dutenek Kutxabank atari digitalean eros ditzakete sarrerak, 8,30 euroren truke.

Martxoan aurkeztutako Ots dantza emanaldia, Herri Gogoa, Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada modura sortu da. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin.

Ots dantza garaikideko lan soil bat baino gehiago da. Jone San Martinek, nazioarteko ospea duen dantzari eta sortzaile donostiarrak, sortutako koreografiak oroitzapenak asetzea, harritzea, gogora ekartzea eta, batez ere, mugimendu hark herri-kontzientzia bultzatzeko eta artea herriari hurbiltzeko izan zuen beharra transmititzea du helburutzat.

Proiektu honetan, Aiert Beobide eta Iurre Aranburu arduratu dira zuzendaritzaz eta ekoizpenaz, eta koreografia Jone San Martinek eta Beobidek sortu dute. Dantzariak, berriz, Jon Arsuaga, Libe Sukia, Nagore Zabala, Iñigo Etxeberria, Leire Romero, Itzel Vela eta Beobide dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide