Euskal Herria Mendi Erronkan parte hartuko du Pagoeta Mendizale Elkarteak, eta igande honetan egingo dute horri dagokion lehen etapa. Orotara, 14 kilometroko ibilbidea osatuko dute mendizaleek, Leitza, Guratz eta Betelu zeharkatuz, eta bertako paisaia ederrez gozatuz.
2014. urtean du jatorria Euskal Herria Mendi Erronkak (EHME). Luzeera handiko mendi lasterketa da, lau etapatan banatuta. 67 kilometro dira guztira, 7.200 metroko desnibelarekin, eta, bertan, Aralar, Araiz, Betelu eta Larraungo mendi politenak oinez egingo dituzte. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, erronkan zehar osatuko dituzten etapek ez dute zailtasun teknikorik izango; hala eta guztiz ere, zalantzarik dutenek honako lotura honetan kontsulta ditzakete ibilbideen zehaztasun guztiak.
Hori hala, igandean, 07:30ean jarri dute irteera hitzordua, Agoueseneko biribilgunean. Izen ematea, berriz, Mendizabal kinkila dendan egin behar da, eta horretarako azken eguna ostirala da.
Datozen etapak
Erronkako bigarren etapan Betelu, Irumugarrieta eta Albi zeharkatuko dituzte (15 kilometro), urriaren 26an; hirugarrenean, Albi, San Migel Aralar eta Lekunberri egingo dituzte (8 kilometro), 2026ko udaberrian, eta, azkenen etapan, Lekunberri, Iriber eta Leitza egingo dituzte oinez (20 kilometro), 2026ko udazkenean.
Hala eta guztiz ere, Pagoeta Mendizale Elkarteak aurrerago emango du etapa bakoitzerako izen ematearen berri.