Bueltan da beste urte batez Play-Eruak hondartzako futbol txapelketa, eta dagoeneko zabaldu dute bertan izena emateko aukera. Bosgarren urtez jarraian antolatu dute kirol hitzordua Zarauzko Plaieroek eta Zarauzko Kirol Elkarteak, eta, gainerako urteetan bezala, DBHko ikasleei zuzendutakoa izango da. Ohikoa den moduan, bi egunetan jokatuko dituzte neurketa guztiak: apirilaren 26an eta 27an, hain zuzen ere.
Talde bakoitza zazpi jokalariz osatuta egongo da, eta partidetan nahi adina aldaketa egin ahal izango dituzte. Dena den, mistoak diren taldeetan genero bakoitzetik gutxienez hiru jokalarik egon beharko dute uneoro jokatzen. Beharrezkoa izango da talde bakoitzak bi kamiseta eramatea partidetara: bata zuria eta bestea nahi duten kolorekoa, hain justu ere.
Neurketei dagokienez, hamar minutuko bi zati izango dituzte. Halere, denbora horretan partida berdinketan amaituko balitz, hiru penalti botako lituzke talde bakoitzak, irabazle bat ebazteko.
Halaber, indarrak berreskuratzeko jan-edanerako postua ere jarriko dute, txokolate beroarekin eta frutarekin. Bertan, gainera, plaieroetako kamisetak eta poltsak ere salduko dituzte. Horrez aparte, partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak ere egingo dituzte bigarren postu batean, Arraio irratiko kideek.
Izen ematea
Parte hartzeko interesa duten gazteek dagoeneko eman dezakete izena, honako lotura honetan dagoen galdetegia betez. Bertan, taldeari buruzko informazioa zehaztu beharko dute, eta zein kategorietan lehiatu nahi duten, hiru egongo baitira: neskena, mutilena eta mistoa.
Gainerako edizioetan bezala, jokalarietako bakoitzak kuota bat ere ordaindu beharko du txapelketan parte hartu ahal izateko, baina ez da ekonomikoa izango. Izan ere, olio botila edo dilista paketea eman beharko dute jokatu ahal izateko. Bildutako guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko diote; horregatik, jokalariak ez ezik, janaria eman nahi duen herritar oro animatu dute elikagaiak ematera.
Antolatzaileek nabarmendu dute lehiakortasunaz harago lagunarteko giroa sortzea da txapelketaren helburu nagusia. Horregatik, sariak zozkatu egingo dituzte parte hartzaileen artean: taldeentzako afariak, beste kiroletan talde-esperientziak, emanaldietarako sarrerak eta izozkiak, besteak beste.