Amalur Landu parte hartze prozesua amaierara heltzen ari da, eta asteartean egingo dute proiektuaren bueltako hirugarren eta azken bilera. 18:30ean hasiko da informazio saioa, Santa Klara komentuan.
Hiru hilabete baino gehiago igaro dira Zarauzko Udalak parte hartze prozesua abiarazi zuenetik, abenduan hasi baitzuen Amalur parkearen etorkizuna erabakitzen hasteko lanketa. Ordutik, hainbat saio ireki, bilera eta talde dinamika gauzatu ditu herritarren laguntzarekin.
Hala, azken saioan prozesuaren emaitzak eta ondorioak zarauztarrekin partekatuko ditu udalak, parkearentzat proposatutako erabilerak eta ekipamenduak mahai gainean jarriz.
Zarauzko Udaleko Partaidetza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek eskerrak eman nahi izan dizkie prozesuaren parte ezberdinetan parte hartu dutenei, "gure herriaren etorkizuna modu partekatuan lantzeko euren denbora eta gogoak jartzeagatik".