Zarauzko KSB Itur enpresako Langileen Batzordeak –ELAko zazpi ordezkariekin eta LABeko zein UGTko ordezkari banarekin– bost eguneko greba deitu du datorren asterako, martxoaren 24tik 28ra bitarterako. Greba deialdiak langileen babes handia jaso du; izan ere, langile ia denek egin dute grebaren alde.
KSB Iturrek 200 langile inguru ditu, eta metaleko arloan gauzatzen du jarduna, punpak eta balbulak egiten. Iazko abendutik ari dira langileak enpresako hitzarmena negoziatzen; izan ere, 2023-2024 epealdikoa dute gaur egun indarrean. "Enpresak irabazi handiak izan ditu azken urteetan, baina negoziazio mahaia eratzeko ordua iritsi denean, KPIaren igoera ere ez du eskaini", azaldu du ELA sindikatuak.
Halaber, ELAk azpimarratu du langileek eros ahalmenean %4,75eko galera izan dutela azken hamabost urteetan. "Orain, langileek ikusten dute galdutakoa berreskuratzeko garaia dela, eta, ondorioz, KPIaren araberako soldata igoerak izatekoa". Horretaz gain, lanaldi jaitsiera, eskubideen eta lizentzien eguneraketa eta hobekuntza, errelebo kontratua eta 55 urtetik gorakoen lan osasuna bermatzea ere eskatu dute langileek, besteren artean.
Dena den, grebara joko dute, enpresaren azken proposamena eta jarrera zer-nolakoak izan diren ikusi ostean. "Enpresaren azken proposamena eta jarrera ikusita, eta hobekuntzarik nahiz soldata igoera nahikorik ez dutela bermatzen ikusita, greba egingo dugu", azaldu dute sindikatuko ordezkariek.