Lara Zapirain: "Orain arte ez naiz baztertuta sentitu, baina gauzak aldatu egin dira"

Mireia Galarza Bastida 2025ko mar. 7a, 09:53

Lara Zapirain. (Mireia Galarza Bastida)

Akondroplasia du Lara Zapirainek (Zarautz, 1993), baina beti sentitu da babestuta. Orain, baina, irainak jasotzen ditu "astero" Tinder bitartez, eta publikoki salatu ditu horiek.

Akondroplasia duzu. Zer da, zehazki, hori?

Mutazio genetiko bat da, milioi bat pertsonatik bati eragiten diona. Ez dauka hereditarioa izan beharrik, baina egia da, gurasoetako batek baldin badu, %50eko aukera dutela seme-alabek ere mutazio hori edukitzeko. Gorputz adarrei eragiten die mutazioak, eta hori dugunok bestelako norbanakoak baino txikiagoak gara. Nik ez dut familian mutazio hori izan duen inor.

Egunerokotasunean, zer oztopo topatzen dituzu?

Egia esan, oztopo horiei guztiei irtenbidea topatzeko gai izan naiz, nahiz eta mundua ez dagoen egokituta akondroplasia duen pertsona batentzat. Etxea nire altuerara egokituta dut, autoko balazta eta azeleragailua bolantean ditut, supermerkatuetako balantzetako zenbakietara ez naiz eskuz iristen eta sakelako telefonoa erabiltzen dut goiko botoietara iristeko... 

Noiz izan zinen kontziente mutazio hori zenuela?

Nire gertuko eremuetan, horrek ez dit eragin; normaltasunez bizi izan dugu kontua. Egia da, baina, txikitan, beste ume batzuen begiradak jasaten nituenean, ama haserretu egiten zela. Hernaniko [Gipuzkoa] barraketan bizitako pasadizo bat etortzen zait burura. Familiarekin zeuden ume batzuk, eta begiradak nabaritu genituenean, beraiengana gerturatu zen ama, haserre. Hasieran ez genituen egoera horiek ondo kudeatzen, baina gerora biok ikasi dugu horretan. Pentsa, amak nola jokatu ikasi zuenean, ume batzuengana gerturatzen zen azaltzera niri gertatzen zitzaidana, eta beste goxotasun bat sortzen zen orduan. 

Ama babes handia izango zen.

Zalantzarik gabe. Nire gurasoak oso gazteak ziren ni jaio nintzenean, eta haurdunaldian zer neukan esan zietenean, nire amak proiektu bezala hartu zuen etorriko zena. Pentsatu zuen, nolabait, aukeratua izan zela, eta erronka bezala hartu zuen egoera, gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Amak garbi zuen normaltasunean heziko ninduela, eta baliabide pila bat eman dizkit bizitza normala egiteko. Izan ere, gorputz ez normatibo guztietara egokituta dauden espazioak sortzea oso zaila da. Txikitan, adibidez, itsuek erabiltzen duten makila horietako bat eman zidan, lagunen etxeetako txirrinetara iristeko. Horrek gauza asko erraztu zizkidan, eta horrelako asko egin ditu nire amak. Gaur egun, nire autoestimurako asko balio izan dit zailtasunei irtenbideak topatzeko gai naizela jakiteak. Gainera, laguntza eskatzen ere erakutsi dit amak, eta gaur egun, ez naiz kikiltzen edozein lekutara joan eta laguntza eskatu behar badut; gehiago esango dut, denok ikasi beharko genuke horretan. 

Eragin handia izan al zuen baldintza horrek zure haurtzaroan?

Egia esateko, orain arte, ez naiz desberdin sentitu nire gertuko eremuetan: etxean amarekin, lagunekin, eskolan, lanean... Dena dela, uste dut errespetu kontua dela. Izan ere, nik ere ikusten ditut bestelako gorputz ez normatiboak, eta arreta pizten didate, baina, nire ustez, egoera horien kudeaketan dago gakoa. Niri etxean erakutsi didatena da horrelako egoeretan errespetuz egin behar direla gauzak. Kuriositatea edukiko duzu, normala da, baina gero etxean galde dezakezu.

Haurtzaroan gertatzen denak helduaroan eragina duela diote. 

Bai, eta nik beti diot, ez dakidala zortea den edo zer den, baina niri izugarrizko irakasleak, gerora kuadrilla bihurtu diren klasekideak eta familia tokatu zaizkidala. Faktore asko elkartu dira, baina ni orain arte ez naiz inondik inora baztertuta sentitu. Zortea izan dudala esatea berekoia izatea iruditzen zait, besteei meritua kentzea baita, baina bai, bat gehiago sentitu naiz, eta gerora helduaroan aurre egin behar izan diedan egoeretarako ere prestatu naute. 

Haurtzaroan ez, baina helduaroan irainak jasan behar izan dituzu akondroplasia izateagatik, ezta? 

Bai. Orain arte babestuta egon naiz, ez naiz baztertuta sentitu, baina orain, gauzak aldatu egin dira. Beste kezka batzuk ditut, eta garai bakartiagoa bizitzen ari naizela esango nuke: bakarrik bizi naiz, lagunak umeak ari dira izaten... Momentu honetan ez dut bikotekiderik, eta nahiko nuke eduki, etorkizunean ama izan nahi baitut, baina ez da iristen, eta horretan akondroplasiak pisu handia duela iruditzen zait. Bilaketa horretan, Tinder aplikazioan dut kontua sortuta. Hasieran, lotsatiagoa nintzen, baina egun, segurtasun handiagoa dut eta ez dut ezer ezkutatzen, eta jabetu naiz horrek eragina izan duela jendearengan, irainak astero jasaten baititut aplikazio horren bitartez. Hasieran kuadrillan bakarrik kontatzen nuen gertatutakoa, baina orain publikoki salatzen dut. Babes handia jasotzen dut egiten dudan bakoitzean, baina egia da gizon eredu normatiboetan sartzen diren gizonen babesik ez dudala jaso. Zer pentsatua ematen dit horrek.

Nola sentiarazten zaitu horrek?

Mutil horiek pentsatzen dute ni zaurgarriagoa naizela, baina ez. Dena dela, irain horiek eragiten dute nire autoestimuan eta etorkizunean izan ditzakedan harremanetan. Gainera, morbo izugarria dago, eta proposamenak jasotzen ditut fetitxe bat izango banintz bezala. Gizartea gaixo dagoela ikusten ari naiz, kaleko ohiko jendea baita niri horrela zuzentzen dena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide