Bihar amaituko da Salberdingo 60 zuzkidura bizitokietarako izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 24a, 14:55

Salberdin eremuko 60 zuzkidura bizitokiak. (Zarauzko Udala)

Gazteei zuzendutako alokairuko apartamentuak dira: logela bateko hiru zuzkidura-bizitoki egokitu, logela bateko 54 zuzkidura-bizitoki, eta bi logelako hiru zuzkidura-bizitoki. Eskatzaileek 36 urte baino gutxiago izan beharko dituzte, eta titularretako batek Zarautzen erroldatuta egon beharko du.

Salberdin eremuan eraikita dauden 60 zuzkidura bizitoki esleituko dituzte, eta izena emateko epea bihar, otsailak 25,  amaituko da. Gazteei zuzendutako alokairuko apartamentuak dira: logela bateko hiru zuzkidura-bizitoki egokitu, logela bateko 54 zuzkidura-bizitoki, eta bi logelako hiru zuzkidura-bizitoki, hain zuzen ere.

Parte hartzeko ezinbestekoa da Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea, alokairuko eskatzaile gisa, Zarauzko udalerrian. Etxebiden izena emanda duen titularretako batek, gutxienez, Zarautzen erroldatuta egon behar du. Baina badira salbuespenak; izan ere, mugikortasun murriztua duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu beharrik izango udalerrian erroldatuta daudenik.

Eskatzaileek 36 urte baino gutxiago izan beharko dute, edo izen-emate bateratuen kasuan, nahikoa izango da inskripzioaren titularretako bat adin horretatik beherakoa izatea. Bizitoki egokituetan zozketan, aldiz, ez da adina kontuan hartuko.

Parte hartzaileen diru sarrerari dagokionez, ondorengo parametroak zehaztu dituzte: 2023. urteko errenta aitorpenaren zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez  izatea, ezta 45.022,57 euro baino handiagoak ere. Horrez gain ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek edo etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek.

Izena emateko bideak

Ezarritako baldintzak betetzen dutenek prozesuan izena emateko hainbat bide dituztela jakitera eman du Zarauzko Udalak. Internet bidez, www.etxebide.euskadi.eus/espedientea webgunearen bitartez egin daiteke, Sustapenak atalaren barruan. Postaz ere helarazi daiteke, eskaera orria sinatuta, ondorengo helbidera: Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza. Andia kalea 13, 6. - 20004 Donostia.

Beste aukeretako bat aurrez aurre aurkeztea da, bai Zarauzko Etxebizitza Bulegoan (Salegi kalea, 14) bai Zuzenean-en (Andia kalea, 13, behea – Donostia), aurrez hitzordua hartuta. Edo eskaera sinatu eta edozein administrazio publikoren erregistroan aurkeztu daiteke.

Informazio gehiago nahi duenak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin eta Zarauzko Etxebizitza Bulegoarekin jar daiteke harremanetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide