Eusko Legebiltzarrak gaur onartu ditu EITBko administrazio kontseiluko hogei kideak, legealdi berria hasi eta handik hilabete batzuetara. Ordezkarien artean, bi zarauztar daude: Imanol Lasa jeltzalea eta Jon Benito bilkidea. EAJk eta EH Bilduk seina kide izango ditu izango ditu; EAJk lehen baino bat gutxiago eta EH Bilduk lehen baino bi gehiago.
Lasarekin batera, Manuel Allende, Garbiñe Mendizabal, Iker Merodio, Jonatan Moreno eta Saioa Zubizarretak osatzen dute jeltzaleen taldea. Koalizio subiranistaren multzoan, Jon Benitoz gain, Iñaki Altuna, Itxaso Cuevas, Miren Arantza Gutierrez, Gari Mujika eta Bakartxo Ruiz daude. PSE-EEk Vanesa Duran eta Oscar Torres izango ditu ordezkari, eta PP alderdiak Jose Luis Lopez. Aitzitik, Sumar eta Vox alderdiek ez dute ordezkaririk izango.
Azken urtetan ELAkoa izan da ordezkari sindikala, baina datozen urteetan UGTko Raul Arza izango da; sindikatuek txandaka izaten dituzte ordezkariak administrazio kontseiluan. Euskaltzaindikoa Adolfo Arejita irakaslea izango da; Eusko Ikaskuntzakoa, Iñaki Zabaleta irakaslea; eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunekoa, Jose Manuel Urkiri; eta, nola ez, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa.
Datorren asteartean, otsailaren 25ean, izango da administrazio kontseilu berriaren estreinako bilera. Halaber, arratsalde horretarako elkarretaratzera deitu dute Aldatu Gidoia mugimenduak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean.