Aitortza xumea egin diete Imanol Murua zenari eta Jose Luis Elkorori

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 15a, 13:00

EH Bilduren egoitzan Elkorori buruzko liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Mikel Zubimendi kazetariak, eta koalizioak ekitaldia aprobetxatu zuen bi politikariak omentzeko. Orioko eta Bergarako alkateen eskutik loreak eta oroigarriak jaso zituen Maritxu Uriak, Muruaren alargunak.

Mikel Zubimendi kazetariak Han egon zen. Jose Luis Elkoro, bizitza bete bat liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean EH Bilduren egoitzan, eta ekitaldia aprobetxatu zuten Elkorori eta Imanol Murua zenari aitortza eta omenaldi xumea egiteko.

Liburu aurkezpena hasi aurretik izan zen omenaldia, goraino betetako aretoan. Hantxe ziren Muruaren seme-alabak eta alarguna ere. Orioko eta Bergarako alkateek hartu zuten hitza, Anuska Esnalek eta Gorka Artolak, eta biek goraipatu zuten Elkorok eta Muruak politikagintzan egindako lana, eta batez ere, batasunaren ideian egin zuten azpimarra. Haiek egin bezala, momentu honetan ere batasuna beharrezkoa dela azpimarratu zuten. Esnalek, gainera, ilargiarekin eta eguzkiarekin alderatu zituen Elkoro eta Murua, hitzartze ederrean.

Politikarien bikoteak ere izan zituzten hizpide Esnalek eta Artolak, eta hain zuzen, Imanol Muruaren alargun Maritxu Uriak loreak eta oroigarriak jaso zituen, bertaratutakoen txalo artean. Elkorok berak idatzitako gutun bat ere irakurri zuen Artolak.

EH Bilduko kide asko

Ekitaldian EH Bilduko kide asko izan ziren. Zarauzko udal zinegotziez gain, bertan ziren Haritz Alberdi eta Iñaki Ostolaza Getariako eta Zumaiako alkateak, baita Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria ere.

Eskualdetik kanpoko politikariek ere ez zuten hitzordua galdu nahi izan: han izan ziren, besteak beste, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea eta Nekane Zinkunegi, EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide