Amaren kontakizunak eleberri batean "fabulatu" ditu Txilikuk

Aritz Mutiozabal 2025ko ots. 13a, 10:00

Txiliku eleberri berriarekin, Donostian, aurkezpen egunean. (Elkar)

Idazle eta Gukako kolaboratzaile zarauztarrak Urte urdin ihesak liburua argitaratu berri du. Duela mende bateko munduari eginiko atzera begirakoa proposatu du eleberrian.

"Txiliku ezagutzen duenak badaki zer-nolako jakintza gai zabalak ezagutzen dituen. Zientzietakoa edo letretakoa izan behar badu batek, Txilikuk biak hartzen ditu. Horrez gain, asko estimatzen du kultura herrikoia: esaerak, garaiko tresnak, ohiturak, kontu xeheak eta xumeak". Hitz horiek erabili zituen Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek idazle zarauztarraren inguruan, Urte urdin ihesak liburuaren aurkezpenean.

Arrazoirik ez zaio falta Mendigureni. Gukaren ohiko kolaboratzailea da Jesus Mari Olaizola Txiliku, eta bere jakintza nabarmen helarazten du egunkariko Puntuka iritzi atalean, baita Zarautz Guka webguneko Antigoaleko hiztegia izeneko gunean ere. Haur eta gazteentzat idazten hasi bazen ere, azken urteetan batez ere helduei zuzendutako lanak argitaratu ditu. "Joera handia izan du beti jakintza gai entziklopediko hori pilulaka emateko, miszelanea moduko batzuk eginez: piztiarioak edo egunerokoak, esaterako". Argitaratu berri duen Urte urdin ihesak, ordea, eleberria da. Baina ez edonolakoa: nobela pertsonala da, ama-seme arteko tertulien emaitza.

Nostalgia puntua

Izenburua izatez ez da berea, herritar bati "lapurtua" baita. Edo, bederen, mailegutzan hartua. "Lizardik poema batean [Biotz begietan] zera kontatzen du: 'Nork lekuskez, ikusi urte urdin igesak'. Lehen pasatako urte haiez ari da. Izan ere, beti daukagu halako nostalgia puntu bat". Idazleak onartu du liburu berriak baduela "hortik" dezente: atzera begiratze bat edo egun ez dagoen mundu bat ezagutzeko grina.

Txilikuk, gainera, oraintsu zendu den ama Faustina hartu du aitzakia narratibo modura. Ama bizi zela, hari konpainia egitera joan, kalera atera eta kontu-kontari jartzen zuen garaiko kontuen inguruan. Hala, bien arteko solasaldietatik bildutako pasadizoak, ohiturak, baserriak, tabernak eta antzerakoak eleberri berrian geratu dira jasota. "Alberdi horretatik, bada oroitzapen liburu bat, baina hortik aparte, beti esan ohi da memoria gezurtia dela, eta lan honek ere badu gezurretik. Gogoratzen ditugun kontuak ez dira izaten zehatz eta mehatz egia. Bakoitzak du berea, eta askotan zaila izaten da bestearenarekin elkartzea".

Ez da edonolako lana; pertsonala da, ama-semeen arteko tertulien emaitza


Edonola ere, sortzailearen hitzetan, Urte urdin ihesak narrazio liburuan "badago halako ariketa bat kontakizun horiek jaso eta egia berdaderoak balira bezala kontatzekoa". Txiliku saiatu da irakurleak sentsazioa izan dezan liburuan jasotzen dena benetakoa dela: "Baina, jakina, hor bereizi egin behar da: ni narratzaile bezala, eta ni pertsona bezala". Nolanahi ere, historia eta istorioak eskutik emanda landu ditu; izan ere, benetan gertatutako pasarte gogorrak daude, ondoren moldatuta eta fabulatuta argitaratu dituenak.

Liburuaren ideia aspalditik zuen buruan idazleak, baina oraindik ardatza definitzeke zuenez, bestelako izenburu batzuk izan zituen aukeran. Hala ere, amaren bizipenak eta inguruko kokalekuak argi izan zituen sortze prozesuari ekin zion momentutik. Hori horrela, toki oso zehatzak ageri dira argitalpenean, eta askotan kapituluen izenburu gisa erabili ditu: Masustegi, Saturraran, Sahatseta, Aierdimusu eta Mugaratz bezala.

"Iragandako mundualdia"

Eleberriak “iragandako mundualdi bat” erakusten du, ehun urte atzera eginiko bidaia. "Gure ama zena 101 urte bete baino lehenago hil zitzaigun, eta nik uste dut justu-justu muga horretan kokatuta egongo dela, XX. mendearen hasieran". Unibertsalak diren gaiak eta sentimenduak ageri dira kontakizunetan.

Horrez gain, Kontatu behar ez direnak izeneko hiru istorio txertatu ditu liburuan. Txilikuk jakitera eman du, amaren bizipenak jasotzeko garaian, hainbat gauza ez idazteko esan ziola. Antza denez, lehen zenbait gauza ezin ziren kontatu, eta "ohikoa zen ezkutatzea"; besteak beste, ezbeharrak, gertaera kriminalak edota istorio oso gogorrak.

Edonola ere, Txilikuren arabera, "munduko gauzarik garrantzitsuena izan da beti" kontakizuna. "Nolabait ere, beste norbaiti adierazteko egin duguna, ezagutzen duguna edo gertatu zitzaiguna. Kontatu edo esan omen duten hori egiteko behar bat badago. Egun ere jarraitzen du, eta beti jarraituko du", dio.

Zentzu horretan, liburuak badu bere berezitasuna. Izatez, eleberri bat da, kontakizun oso bat, baina kapitulu bakoitzak bere autonomia du. Beraz, zatika ere irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide