Udaberri adinekoen elkarteko Kulturaz taldeak hitzaldia antolatu du etzirako. Zarauzko balea... Egiaren bila izenburupean, Xabier Alberdi historialariak eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak jorratuko dute gaia oholtza gainean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 18:30ean hasiko da saioa, Modelo aretoan.
1878ko otsailaren 11n ehizatu zuten Zarauzko baleak eztabaida handia sortu zuen bere garaian getariarren eta zarauztarren artean. Iaz, 146 urte bete ziren gertakaritik, baita hilabete honetan Kantauri itsasoan arpoi bidez azken balea harrapatu zenetik, eta 45 urte Antonio Zabalak aipatu baleari buruzko bertsoak berreskuratu eta Arrantzaleen bizitza bertso-liburuan argitaratu zituenetik.
Hainbat auzi eta agiri daude jasota txostenetan, eta ahoz aho zabalduta daude bi herrietan balearen arrantzaren inguruko hainbat kontu. Horretaz guztiaz arituko dira bi gonbidatuak osteguneko saioan.