Urrian jakinarazi zuen Zarauzko Udalak Lakarik eskuratu zuela landa eremuko emakumeak ikusarazi eta haien egoera aztertzeko beka, eta lau hilabeteren ondotik, azterketa horren emaitzen aurkezpena egin zuten ostegunean kooperatibako kideek Merkatu Plazako lehen solairuan. Lakarikoez gain, bertan izan ziren prozesuan zehar bidelagun izan dituzten Mirene Begiristain akroekologian aditua eta irakaslea, eta Goiuri Alberdi Asunek Behatokiko kidea.
Azterlanaren muinean sartu aurretik, baina, Gloria Vazquez zinegotziak hartu zuen hitza. Berak azaldutakoaren arabera, Berdintasun sailaren helburua da emakumeekiko diskriminazio egoerei aurre egitea, eta xede horren bueltan martxan jarritako beka deialdia izan da Lakarik eskuratu duena. "Proiektu hau abiapuntua bakarrik izatea nahi dugu, eta asmoa da horrekin jarraitzea", gehitu zuen Vazquezek.
Jarraian, Miren Prieto Lakari kooperatibako bazkideak hartu zuen hitza. Ezer baino lehenago, eskerrak eman zizkien "prozesuan zehar konplize izan diren emakumeei", baita Begiristaini eta Alberdiri ere. Gaineratu zuen "gustura" ibili direla elkarrekin lanean eta "elkarrekin oso ondo moldatu" direla. Hori esanda, proiektuaren abiapuntua aipatu zuen: "Gure desioa izan da Zarauzko landa eremuko emakumeen egoera ezagutu eta horien lana aitortzea". Orokorrean, "ahotsa eman" nahi izan diela gehitu zuen Prietok, "beraiek gertutik entzunda". Hortik dator, hain zuzen ere, ikerketaren berri emateko sortu duten afixako esaldia: Entzun, jaso eta ekin.
Ikertzaileek, prozesuan zehar, emakume horien arlo sozio-ekonomiko, sozio-kultural eta politikoaren erradiografia bat egin nahi izan dute, haien esanetan, aurretik ez dagoelako Zarautzen horren inguruko "marko eta daturik". Hori horrela izanda, bekak prozesu horren hasierako bidea egiteko balio izan diela gaineratu zuen Prietok. "Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban nahiz Espainia mailan badaude ikerketak eginda, baina herri mailako lehenengoa litzake hau. Lehen lan hau eta gero hurrengo urratsak ematea ere espero dugu eremu hori biziberritu eta emakume horiei lekua emateko", gehitu zuen.
Ikerketarako metodologia eta ondorioak aurkeztu aurretik, baina, kokapen datu batzuk eman zituen Prietok. Haren esanetan, lurraldeko %17a bakarrik bizi da landa eremuan, eta EAEko landa eremuan bizi diren emakumeak %49 dira. Zarautzen, aldiz, azken 25 urtetan %42,1 jaitsi da landa eremuko biztanleria Zarautzen, eta egun, biztanleen %1,7 inguru "bakarrik" bizi da landa eremuetan. "Horietatik ia erdia dira emakumeak". Gainera, landa eremuan "zaintza lanen feminizazioa" dagoela azaldu zuen Lakariko kideak, eta "genero arteko aldeak handitu" egin direla. Prietoren hitzetan, landa eremuko emakumeen enplegu tasa gizonezkoena baino "txikiagoa" da, %51,6 eta %60,6koa, hurrenez hurren. "Lanaldi partziala batez ere emakumeetan ematen da", adierazi zuen baita ere. Kokapen datuekin amaitzeko, Lakariko bazkideak gaineratu zuen Zarautzeb lehen sektoreko ustiategien emakumeen titulartasuna gizonezkoen titulartasunaren "erdia" dela.
Metodologia feminista
Goiuri Alberdi arduratu zen ikerketarako erabili duten metodologia aurkezteaz. Bere esanetan, hiru ezaugarri nagusi izan ditu horrek: kualitatiboa izan da, feminista eta parte hartzailea. "Esplorazio bideak ireki, gertaerak behatu eta interpretatu, nahiz bizipenak eta iritziak jaso ditugulako diogu dela kualitatiboa". Bigarren ezaugarriari buruzko azalpenak ere eman zituen: "Ikerketa tradizionala eta horren moldeetatik ihes egin dugu, eta horregatik diogu ikuspegi feminista duela". Izaera parte hartzaileari dagokionez, gehitu zuen beraien asmoa eraldaketa politiko eta sozial bat lortzea izan dela, emakumeak entzun eta beraiek "subjektu aktibo" bihurtuta.
Baina nola egikaritzen da hori? Alberdiren hitzetan, lehenik testuinguruaren azterketa bat egin zuten, eta jarraian ekin zioten landa lanari. Azken horretarako, landa eramuko zazpi emakumerekin elkartu ziren, eta bi galdera nagusi egin zizkieten haiei: emakume gisa landa eremuan sumatu dituzten aldaketei buruzkoa bat, eta landa eremuarekin harremantzeko izan dituzten moduen ingurukoa bestea. Alberdiren hitzetan, "gai eta ekarpen asko" jaso zituzten bi galdereten. Horretaz gain, elkarrizketa sakonak ere egin zituzten.
Ondorioak eta erronkak
Lan guzti hori lau ondorio nagusitara ekarri dute ikerlariek. Begiristainen esanetan, azterketaren bidez ondorioztatu dute ikuspegi sistemiko eta ekofeminista falta dagoela Zarauzko landa eremuan: "Landa eremuaren kudeaketa ikuspegi murriztaile batetik egin da, alegia, ez dira politika orokorrak izan, eta ekintza soiletara mugatu dira". Horregatik, Begiristainek zehaztu zuen erabakiak landa eremutik eremu horrentzako begiradatik hartu behar direla, "eredu ekofeministaren ezaugarri diren ekodependentziak eta interdependentziak kontuan hartuta".
Nekazal bizimoduari eta denboraren kudeaketari buruzko ondorioak ere atera dituzte ikerketan. Izan ere, ikertzaileek azaldu zuten baserriko bizimodua urbanoarekin "erabateko talkan" aurkitzen dela: denbora librea, kontsumo irrazionala, gizarte indibidualista... Gainera, azken urtetako digitalizazioak eta burokraziaren konplexutasunak emakume baserritarrei "denbora gehiago kendu" diela azaldu zuen Begiristainek.
Atera duten beste ondorioetako bat da jakintzari buruzkoa. Begiristainen aburuz, "Zarauzko kaletarrek landa eremua bizitzeko, begiratzeko eta babesteko adierazpenetan ezjakintasuna erakusten dute". Horri gehitu behar zaio ingururuaren zaintzari buruzko hausnarketa: "Noren ardura da amaren etxea zaintzea?, Historikoki, landako emakumeak beraien ingururuaren zaintzaile izan dira, maiz modu ikusezin batean eta aitortzarik gabe".
Azkenik, etorkizunari buruzko ondorioak azaldu zituzten. Beraien hitzetan, ikerketak garbi erakutsi du politika instituzionalek eta herritarrek landa eremuarekiko duten "deskonexioak" landa eta kalearen arteko "premiazko elkarrizketa" eskatzen dutela "landa eremuaren etorkizuna sustatzeko". Gainera, euren ustez, "landa eremuko ermakumeen arteko harremanak "estutu" behar dira, "eta behar komunei modu antolatuan erantzuteko gaitasuna eraiki".
Ondorioak azalduta, erronkak zerrendatu zituzten hizlariek. Izan ere, haien hitzetan, "beharrezkoa da txostenetatik akziora igarotzea benetan zerbait lortu nahi bada". Horregatik, Zarauzko Udalari nahiz herritarrei zuzendutako erronkak aipatu zituzten. Lehenengoen artean egongo lirateke, besteak beste, landa eremura zintzoki hurbiltzea eta baserriak mantentzen dituztenei erraztasunak ematea. Herritarrentzako, aldiz, hiru erronka zehaztu dituzte: landa eremuarekiko konexioa berreskuratzea, kontsumo kontzientea lantzea eta landa eremuko bizimoduak errespetatzea.