Zarauzko Udaltzaingoak iaz herrian izan ziren istripuen datuak bildu eta argitara eman ditu. Guztira, 97 trafiko istripu izan ziren 2024an udalerrian, 2023an baino hiru gutxiago, baina, hala ere, ehuneko langaren ingurumarian jarraitzen du kopuruak.
Izandako istripu motak ere xehetu dituzte: ibilgailuak aparkatutako beste ibilgailuen edo hiri-higiezinen aurka talka egindakoak 53 izan dira, hau da, kopuru guztiaren erdia baino gehiago; ibilgailuen artekoak, hogei; ibilgailuen eta bizikleten artekoak, sei; eta beste sei ibilgailuen eta oinezkoen artekoak. Gainontzeko hamabi kasuetan ez zen ibilgailurik izan kaltetuen artean. 2023ko datuekin alderatuz, ibilgailuen eta bizikleten arteko istripuak erdira jaitsi zirela iaz nabarmendu du udalak.
"Bide-segurtasuna guztion erantzukizuna da", adierazi du Herri Segurtasun zinegotzi Gervasio Gabirondok. Hori horrela, "herritarrei dei egiten diet, gurekin batera, trafiko-arauak errespetatzeko eta arrisku-egoerak detektatzen laguntzeko konpromisoa har dezaten. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu guztiontzako ingurune seguruagoa".
Istripuak sakabanaturik
Zehaztu dutenaren arabera, istripuak ez dira gertatzen gune jakin batzuetan. "Ez dago asko errepikatzen den tokirik, eta hauek nahiko sakabanaturik gertatu dira herri guztian zehar", nabarmendu du udalak. Pare bat alditan errepikatu diren gune bakan batzuk badaude, ordea: Zuberoa kalea-Frantzesbidea bidegurutzea eta Zelai Ondoko azpibidea; azken horretan, pasabideak onartzen duen gehienezko altuera baina gehiagoko kamioiak pasatzeagatik izan da.
Istripuak gertatzen direnean gidariei alkoholemia froga egiten zaie. Joan den urtean, egindako froga guztietatik lau auto gidarik eman zuten positibo alkoholean, eta moto gidari batek, berriz, positibo droga kontrolean. Isunei dagokionez, 1.309 jarri zituen Udaltzaingoak, eta gehienak, zamalan guneetan (348) eta espaloian (343) aparkatzeagatik izan ziren.