Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak geldialdia egingo du aurten ere Zarautzen. Otsailaren 12tik 26ra izango da, hamabosgarrenez, eta egitarauaren barruan ozeanoen edertasuna esploratzeko eta bertako sekretuak ezagutzeko ikus-entzunezkoak, erakusketa, Txikizikloa eta, lehen aldiz, Adinzikloa prestatu dituzte.
Lourdes Anza Cimasubeko ordezkariak azaldu duenez, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren helburua da «itsas hondoa ezagutaraztea eta harenganako maitasuna eta errespetua transmititzea». Horregatik, jaialdiak urpekaritza kirola, urpeko irudien teknologia, zinema eta argazkilaritzaren artea eta kultura barne hartzen ditu.
Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziaren esanetan, Zarauzko Ingurumen sailetik garatu dituzten hainbat kanpainaren helburuekin bat dator Cimasub jaialdia, baina, bereziki, «inguruko itsasoa eta ozeanoak zaintzeko beharrarekin». Zarauztarrak itsasoaren garrantziaz jabe daitezen aukera «paregabea» dela iritzi dio Illarramendik egitasmoa, «etorkizunera begira gehiago kaltetu ez» ditzaten.
Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat lelopean egingo dute aurtengo jaialdia, Anzaren esanetan, «ozeanoen esentzia harrapatzen duten argazkilarien eta zinemagileen dedikazioa sinbolizatuz eta haiek babesteko konpromisoa hartuz». Cimasubeko ordezkariak gehitu duenez, sortzaile horientzat irudi bakoitza «erantzukizun ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta zaurgarritasuna erakusten dituena», eta publikoarentzat, berriz, «begirada bakoitza aukera bat da kontzientzia hartzeko eta ingurumenaren alde jarduteko».
Aukera zabala
Cimasubeko ordezkari David Sanchezek eman du egitarauaren berri. Hain justu ere, otsailaren 12an, 19an eta 26an, 19:00etan, itsaspeko ikus-entzunekoak emango dituzte Modelo aretoan. Sarrera doakoa izango da guztietan. Saio horietan, munduko bazter guztietako artistek itsasoarekiko duten pasioa islatzen duten lan zinematografikoen sorta erakutsiko dute. Sanchezek azpimarratu duenez, lan horietan «ozeanoen edertasuna» ikusteaz gainera, horien «degradazio kezkagarria» ere jartzen da mahai gainean.
Horrez aparte, urpeko argazki erakusketa egongo da ikusgai Merkatu plazan, otsailaren 10etik 27ra, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara. Asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da.
Cimasub jaialdiak herritar guztiengana iritsi nahi du, eta, horregatik, haurrentzako eta helduentzako saioak ere prestatu dituzte. Txikizikloa egingo dute herriko eskoletako ikasleekin, eta horrez aparte, lehen aldiz Adinzikloa izeneko programa prestatu dute.
Txikizikloa otsailaren 12an egingo dute, Modelo aretoan. 2024an Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako 2.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten proiektuan, eta programaren xedea da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta haurrek itsasoa inguratzen duen guztiaz duten pertzepzioa sustatzea.
Adinzikloa, berriz, otsailaren 19an izango da, 11:00etan, Maria Etxetxiki zentroan. Real Sociedad fundazioarekin lankidetzan abiatu dute programa, urpeko mundua adinekoei hurbiltzeko. Itsaspeko zinema emanaldiak ikusteko aukera izango da bertan, eta helburua da adinekoei, beren familia eta zaintzaileekin batera, itsasoko biodibertsitatea esploratzeko aukera ematea, bertako kontserbazioari buruz hausnar dezaten. Horrela, adineko horiek «ongizate emozionala indartzen duen esperientzia aberasgarri batez gozatzeko aukera» izango dute.
Sanchezek aurreratu duenez, datozen edizioetan ere Adinzikloa antolatzea da asmoa, gizarte osoan ingurumen inklusioa eta harekiko sentsibilizazioa sustatzeko.