Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Urola Kostako pazienteak doan artatzen ditu Zarautzen duen egoitzan. Bertan, arreta psikologikoa eskaintzen du Garazi Rodrigezek, eta minbizia duten pazienteei zuzendutako zainketa ikastaroak antolatzen aritu da aurten.
Nola sortu zen ikastaro horiek antolatzeko ideia?
Estetikaren eta ile apainketaren inguruko tailerrak iaz jarri genituen martxan, eta Monte Albertiako irakasleak izan ziren ideia proposatu zutenak. Zentroan zaintza berezien inguruan irakasten dute, eta irakasgai batzuk paziente onkologikoei zuzenduta daude. Guk tratatzen ditugun paziente askok arazoak dituzte azalarekin eta beren itxurarekin; beraz, aukera aparta iruditu zitzaigun elkarlanean ikastaro bat egitea. Aurtengoa bigarren edizioa da, eta iaz baino parte hartzaile gehiago izan ditugu. Arnasketari eta mugimenduari buruzko ikastaroa, aldiz, aurten ekarri dugu Zarautzera, eta emozioen kudeaketarako bitarteko ona da.
Nola eragiten die minbiziak eta haren tratamenduak pazienteei beren gorputzaz duten pertzepzioan?
Ikuspegi psikologikotik, bakoitzaren arabera izaten da hori. Azken finean, kontuan izan behar dugu pertsona horrek, minbiziaz haratago, zer barne baliabide, nolako historia edo nolako sare soziala dituen. Minbizi motak ere eragiten du pertzepzio horretan, baita zer etapatan edo zer tratamendu mota jasotzen ari den ere. Orokorrean, norberarekiko hautematea aldatu egiten da. Adibidez, askok aipatzen dute atentzio handiagoa jartzen dutela beren gorputzean. Beldurrez edo frustrazioz bizi ditzakete gorputzean ematen diren aldaketak. "Ni lehen mendira joaten nintzen eta orain ezin dut" edo "jaiki bezain laster nekatuta sentitzen naiz" esaten dute. Erabat eragiten du alderdi emozionalean. Autozainketan ere ohitura berriak ikusten dira; elikadurari edo ariketa fisikoari dagozkienak, esaterako. Horrez gain, paziente askok zaintza eta konpainia integralagoa eskatzen digute, ez soilik medikuekin, baizik eta nutrizionistekin edo azalaren zaintzaren inguruko adituekin. Izan ere, minbiziak eta haren tratamenduak inpaktu zuzena dute pazienteen gorputzetan.
Zer rol du autoestimuak minbiziari aurre egiteko prozesuan?
Bizitzan momentu zailak eta traumatikoak biziko ditugu. Minbizia duten pertsonek askotan aipatzen dute shock egoera hori. Izan ere, burura etortzen zaien lehenengo hitza "heriotza" bera da. Autoestimua ez da automatikoa; zerikusia du gure bizitzaren aurre esperientzia guztiekin, baita beste pertsonekin harremandu garen moduarekin ere. Autoestimuak eta gure esperientziek guztiz baldintzatuko dute nola aurre egin egoera gogor eta zailei. Minbiziak ere eragina du bakoitzaren autoestimuan. Azken finean, pazienteek tratamendua amaitu eta lehenbailehen 'normaltasunera' itzuli nahi dute. Autoestimuak identitatearekin du zerikusia, eta prozesu honetan aldaketak ematen dira, alderdi guztietan.
Berdin bizi al dituzte gizonek eta emakumeek minbiziak gorputzean eragiten dituen aldaketak?
Jaiotzen garenetik egokitzen zaigun generoak zuzenean eragiten dio guk gure burua ikusteko dugun moduari. Minbiziaren kasuan, hori ez da ezberdina. Emakumeek presio handiagoa dute. Ni, emakume bezala, zer emakume naiz ilerik edo bularrik gabe? Ile apainketaren tailerra egin izan dugunean, adibidez, Monte Albertiako ikasleekin hitz egin izan dugu gai honetaz. Gizonei ere ilea erortzen zaie, baina gizonek eta emakumeek ezberdin hautematen dute aldaketa hori, baita gizarteak ere. Gizonek ere tratamenduaren ondorioak sufritzen dituzten arren, emakume burusoil bat ikustean, berehala zerbait gertatzen zaiola pentsa dezakegu.
Hitzaldi bat ere eskainiko duzue apirilaren 7an, haurrei eta gazteei minbiziari buruz hitz egiten ikasteko. Zergatik da minbizia gai tabua?
Sufrimendua eragiten duen gai bat da. Zaila egiten zaigu haurrak eta nerabeak sufritzen ikustea, nahiz eta bizitzaren parte izan errealitate hori. Familia askorentzat lehenengo esperientzia izan daiteke minbiziarekin, eta aurretik bizitako esperientzia izan arren ere, gogorra da prozesua berriro errepikatzea. Espazio bat eskaini nahi dugu gomendio zehatzak emateko, nahiz eta ez den esperientzia berdina izango 2 urteko haur edo 16 urteko nerabe batentzat.
Ba al duzue asmorik etorkizunean gai berriak lantzeko?
Behar asko identifikatzen ditugu lanean. Artatzen ditugun pertsonak ez dira soilik paziente onkologikoak, baita haien senideak eta doluan dauden pertsonak ere. Beraiek ere aipatzen dute zer behar dituzten eta zerekin sufritzen duten gehien. Horri lotuta, elkartean baditugu ideia batzuk, baina oraindik ideiak bakarrik dira. Hala ere, Urola Kostan ez ezik, Donostian ere hitzaldiak eta ikastaroak eskaintzen ditugu, eta eskualdeko herritarrek horietan ere parte hartu dezakete.