Aizpea Manterola: "Ez gaude inor epaitzeko, bidelagun izateko baizik"

Intza Trula 2025ko ots. 6a, 13:00

Aizpea Manterola familia bitartekaria, bere lantokian. (Utzitakoa)

Hamar urte baino gehiago daramatza Aizpea Manterolak (Zarautz, 1980) familia bitartekaritzan. Gatazken aurrean herritarrak entzun eta orientatzen ditu.

Bitartekarien profila ezezaguna da askorentzat, baina gero eta gehiago dira gatazkei irtenbidea bilatzeko bidelagun modura aukeratzen dituztenak. Aizpea Manterolak (Zarautz, 1980), familia bitartekaria izanik, urteak daramatza pertsonak orientatzen.

Aski ezaguna da psikologo baten lana; kontrara, ezezagunagoa da bitartekariarena. Zehazki, zer da egiten duzuena?

Bitartekaritza gure egunerokoan izan ditzakegun gatazkak konpontzeko modu bat da; esaterako, pazienteek adostasun batera heltzea lortzen ez dutenean laguntzen diegu, eta erabakiak hartzerakoan bidelagun izaten gara. Bitartekaria laguntzeko dagoen hirugarren pertsona bat da; era horretan, ez ditu inoiz pazienteak epaituko, isilpean entzungo ditu, eta ez du iritzirik emango. Bi pertsonaren arteko elkarrizketan laguntzeko gaude, eta protagonistek lortu nahi duten emaitza hori lortzeko orientatuko ditugu.

Zuk familia arloan egiten duzu lan. Oro har, zer erronka izaten dituzte zugana jotzen duten familiek?

Askotariko gaiak lantzen ditugu kontsultan, baina gehienbat bikote hausturetatik sortutako arazoak dituzten pertsonak artatzen ditugu. Adibidez, banandu berri diren bikote ohiak etortzen zaizkigu, baita krisian daudenak eta egoera hobetzeko zer egin ez dakitenak ere. Dagoeneko banatzeko erabakia hartu dutenekin ere egoten gara. Halaber, seme-alaben inguruko erabakiak hartzerakoan ados ez dauden gurasoek sarri jotzen dute gugana, baita herentzia kontuetan arazoak izaten ari direnek ere. Horrez gainera, anai-arrebak, familia enpresak dituztenak eta arrazoi ezberdinengatik bilobak ikusi ezin dituzten aitona-amonak ere artatzen ditugu.

Etxeko arazoak etxean bertan konpondu behar direla esan izan da sarri. Gehienetan, ordea, profesional baten laguntza behar izaten da konponbidea aurkitzeko, ezta?

Norberak konpondu behar ditu bere arazoak, baina horrek ez du esan nahi laguntzarik behar ez dugunik. Pertsona guztiak ezberdinak gara, eta egoera bakoitzari aurre egiteko dugun modua ere ezberdina da. Emozio asko agertzen dira prozesu honetan, hala nola tristura, haserrea, mina, urduritasuna, beldurra eta nekea. Emozio horiek guztiak kontrolatzen laguntzeko gaude gu, eta gure lanaren helburua da pazienteak beren arazoak konpontzeko gai izatera heltzea; hau da, beraiek erabakitzea bidea zein den, baita emaitza ere. Kontziente naiz gugana etortzen diren batzuek sentitzen dutela etxeko trapu zikinak kanpoan garbitzen ari direla, baina hori ez da horrela; nik ez ditut inoren trapu zikinak garbituko, bide horretan ahal dudan guztian laguntzea da nire egitekoa.

Gertukoak diren bi pertsonaren arteko gatazkek osasunean eragin al dezakete?

Edozein motatako egoerek izan dezakete eragina gugan, baina gatazkak gertuko norbaitekin zerikusia duenean are okerrago izaten da. Gainera, etxeko dinamikan eta egunerokotasunean eragin dezake horrek, eta arazoa handitu egiten da. Horrelako zerbaitek argi eta garbi eragin diezaioke gure buru osasunari, eta gaixotu egin gaitezke. Kontsultan oso adi egoten gara horrekin, eta arreta berezia jartzen diogu paziente bakoitzaren egoerari. Izan ere, ikusten badugu beren emozioek negoziatzeko momentuan eragina dutela eta elkarrizketa bat mantentzeko arazoak dituztela, beraiekin hitz egiten dugu, eta beharrezkoa ikusten dugunean psikologoarengana joan daitezen animatzen ditugu.

Egoera zailak ikusten dituzu kontsultan. Nola daramazu hori zure egunerokoan?

Urtetik urtera gero eta kontzienteago naiz kontsultan gai konplexuak lantzen ditudala, eta noski, batzuetan etxera eramaten ditut. Lanetik kanpo ere tokatu izan zait horrelako egoerak bizitzea, baina ni beti isildu egiten naiz, eta errespetu osoz entzuten dut jendeak kontatu nahi didana. Gero, protagonistek horrela eskatzen badidate, nire ikuspuntua ematen diet, baina ez naiz salbatzaile baten modura aurkezten inoiz. Hala eta guztiz ere, laguntzeko prest egongo naiz beti.

Azken boladan bolo-bolo dabil buru osasunaren gaia, eta haren garrantziaren inguruko kontzientzia areagotu egin da. Horren aurrean, nabaritu al duzue jende gehiago duzuela kontsultan?

Azkenaldian hazi egin da laguntza eskatzen duten pertsonen kopurua. Gainera, ohartu naiz nigana etortzen diren asko psikologoarengana ere joaten direla. Batzuetan beraiek kontatzen didate psikologoarengana joaten direla, eta beste batzuetan elkarrizketa aurrera doan moduan joaten naiz ohartzen. Oso aberasgarria eta pozgarria da niretzat jendeak lanketa hauek egiten dituela jakitea.

Zer-nolako garrantzia du gaur egun bitartekari baten lanak?

Niretzat oso garrantzitsua da norberak bere bizitzaren inguruko erabakiak hartzea, eta hori horrela izan dadin egiten dugu guk lan. Esfortzu bat da zure arazo pertsonalen inguruan hirugarren pertsona batekin hitz egitea, eta orain arte plazaratu ez dituzun emozioak plazaratzea, baina hori da bidea. Garbi utzi nahi dut guk ez dugula inolako erritmorik markatzen, eta hori protagonisten esku uzten dugula erabat. Horrenbestez, beraiek erabakitzen dute zer bidetatik jo, baita aurrera egiteko soluziorik onena zein den ere.

Oro har, gizartean eskertuta eta baloratuta al dago zuen lana?

Nik badakit oraindik jendeak ez gaituela ezagutzen, baina normala iruditzen zait. Izan ere, ez baduzu inoiz arazorik izan, ez duzu zertan bitartekari baten lana ezagutu, ezta horrelako zerbitzuak existitzen direla jakin ere. Baloratuta dagoela uste dut, eta jendeak asko eskertzen duela gure lana. Prozesua amaitu eta urtebetera deitu egiten diegu pazienteei, zer moduz dauden galdetzeko eta zerbitzuaren inguruan izan dezaketen feedback-a jasotzeko; beti hitz onak jasotzen ditugu. Jendeak esaten digu babestuta sentitu zela, eta garrantzitsuena, norbaitek entzuten zituela sentitu zutela, epaitu gabe. Gainera, asko etortzen zaizkigu ezagun baten gomendioaren bitartez, eta hori guretzat oso pozgarria da, hor ikusten baita jendeak positiboki baloratzen duela gurekin izandako harremana. Gugana etortzea pentsatzen ari diren guztiei esango nieke zerbitzuaz informatzeko, inolako konpromiso eta beldurrik gabe, eta, noski, lotsarik gabe. Laguntzea besterik ez da gure nahia; ez gaude hemen inor epaitzeko, eta arazoak konpontzeko bidean bidelagunak gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide