Urtarrileko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean, eta bertan bi gai nagusi landu zituzten: 2025erako Zarauzko Udalaren Araugintza Plana eta udaleko 2024-2027 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan 2025ean egingo dituzten aldaketak. Udal Gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren udal taldeen babesarekin onartu zituzten biak; EH Bildu abstenitu egin zen lehenengo puntuan, eta aurka bozkatu zuen bigarrenean.
Araugintza Planari dagokionean, Ion Arozena EH Bilduko zinegotziak hartu zuen lehenik hitza. "Ados ez" dauden edota "zenbait aldaketa" egin nahiko lituzketen puntuak aipatu zituen honek; esaterako, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantzaz mintzatu zen. Hainbat puntu barnebiltzen ditu arau horrek; hala nola animalien ongizatea eta haien zaintzak nolakoa izan behar duen diotenak.
Gainera, adierazi zuen badagoela beste zehaztapen bat "azkenaldian herrian garrantzi handia" hartzen ari dena: txakurren atal jakin baten inguruan ari zen koalizioko zinegotzia. "Uste dugu atal hau ondo hausnartu beharrekoa dela, herritarren arteko elkarbizitzan eragin zuzena baitauka. Beraz, ondo bideratu behar dela iritzi diogu".
Etxebizitza tasatuen ordenantza
Horrez gainera, Arozenak beste bi atal ere jarri zituen mahai gainean: alde batetik, Zarauzko udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantza, eta, bestetik, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza. "Gure herrian pil-pilean dauden gaiak dira hauek, batez ere, Zarautzen dagoen etxebizitzen arazoarengatik", zioen. Hori hala, EH Bildu udal taldeak "ezinbestekotzat" jotzen ditu bi puntu horiek betetzea, "eta ez aurreko urtean bezala egin gabe uztea". Halaber, EH Bilduko zinegotziak gaineratu zuen arazoaren konponbidea ez dela etxebizitzak egitea, "baizik eta horien prezioa mugatzea eta herritarrek etxebizitza duina prezio onargarri batean erosi ahal izatea".
Arozenak gogoratu zuen Udal Gobernuak esan zuela bi puntu horien lanketa gaur egun martxan dagoen Amalur parkearen parte hartze prozesuaren ondoren abiatuko zuela. Aitzitik, EH Bilduk uste du aipatu lanketa "gaur bertan" has daitekeela.
Iazko Araugintza Planean zegoen eta "egin ez zen" ordenantza bat ere aipatu zuen koalizioko zinegotziak: kale salmenta arautzen duen ordenantza, hain justu. Azaldu zuenez, batzordean horren inguruan galdetu zuen EH Bilduk, "baina oraindik ez dugu erantzunik jaso". Beraz, atzoko saioan, berriro ere galdera luzatu zion Udal Gobernuari: "Zergatik ez zen egin kale salmenta arautzen duen ordenantza, eta aurten planteatu ere ez da egin?".
Horrez aparte, aurreko urtean uda aurretik "presaz" aldatu behar izan zuten hondartzako erabileraren inguruko ordenantza gogora ekarri zuen EH Bilduk. Izan ere, ordenantza hori urte honetan dagoeneko jarrita dago, eta koalizioaren iritziz, "dagoeneko hasita beharko luke lanketa horrek". Ondorengoa gehitu zuen: "Aurreko urtean presaz aldatu behar izan genuen ordenantza, eta esan genuen uda ondoren hasiko ginela lanketa egiten". Oraingoz, ordea, pausorik eman ez dutela zioen Arozenak, eta "ahal bezain laster" hasteko eskatu zuen.
Azkenik, zerrendan "faltan botatzen" duten puntu batez hitz egin zuen: lokal komertzialak apartamentu turistiko bihurtzeko arautegi bat ezartzeaz. "Badakigu gure herria herri turistiko bat dela, baina azken urteetan eta hilabeteetan gure kaleetan geratzen ari dena eten beharra dago". Arozenak salatu zuen "merkataritza kale izatetik logela kale izatera" igarotzen ari direla herriko kaleak: horren aurrean, lokal horiek arautzen dituen ordenantza bat "beharrezkotzat" jo zuen.
Lokal komertzialetan zabaltzen ari diren apartamentu turistikoek bi esparrutan eragiten dutela egin zuen azpimarra: alde batetik, komertzioan bertan, "komertzioa desagertu egiten delako", eta beste aldetik, "turismo plazen neurrigabeko igoeran". Batzarrean gai hori mahai gainean jarri zuen EH Bilduk, eta esan zuenez, ondorengo erantzuna jaso zuten Udal Gobernuarengandik: etxebizitzaren parte hartze prozesutik ateratzen zenaren ondoren agian zerbait egin zitekeela. Hala eta guztiz ere, EH Bilduk iritzi dio bi gai horiek "guztiz gai ezberdinak" direla.
Udal Gobernuaren erantzuna
EAJko udal bozeramaile Garbiñe Oiarbidek hartu zuen jarraian hitza, eta honakoa erantzun zion Arozenari: "Egia da lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza eta udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza bigarren urtez daramagula Araugintza Plan honetan, baina egia da ere parte hartze prozesuari lotuta lanketa hori egiteko asmoa genuela eta parte hartze prozesu hori aurten egingo dugula".
Oiarbidek zehaztu zuenez, "hainbat aldaketa tekniko identifikatu ditugu, bai etxebizitza lortzeko ordenantzaren barruan bai udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantzan". Orain, emaitza herritarrekin partekatu behar dela esan zuen EAJko udal bozeramaileak, "beraien ikuspegia txertatzeko". Parte hartze prozesua Aste Santuen ondoren zabaltzea aurreikusten du Udal Gobernuak.
Apartamentu turistikoei dagokienez, behe solairuen inguruko azterketa egina dagoela esan zuen Oiarbidek, "lotuta dagoelako lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzarekin, eta interesgarria iruditzen zaigulako etxebizitzak egin daitezkeen edo beste zer egin daitekeen mahai gainean jartzea". Hala, honela arrazoitu zuen apartamentu turistikoen ordenantza araugintza planean sartu ez izana: "Ez dakigu ordenantza bat beharko den horretarako; izan ere, agian plan orokorraren aldaketa bat da behar dena".
PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik ere erantzun nahi izan zion Arozenari. Animalien ordenantzaren inguruan, Illarramendik uste du "aurten gauzatuko dutela". Hondartzako ordenantzari dagokionez, berriz, "bere denbora eskatzen" duela egin zuen azpimarra, "departamentu batek baino gehiagok parte hartzen dutelako". Uda sasoirako prest egotea aurreikusten dutela gehitu zuen.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren eta Zarauzko udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantzaren aurrean, jarrera "irmoa" dutela adierazi zuen PSE-EEko zinegotziak: "Badakigu zarauztarrek arazoak dituztela etxebizitza bat lortzeko Zarautzen. Lanean ari gara, eta agintaldi honen bukaeran espero dugu mila etxebizitza baino gehiago eginak egotea, non horien %70 baino gehiago babesekoak izango diren". Ildo beretik, Zarautzen etxebizitza merkatua hobetzea Udal Gobernuaren "nahietan" dagoela azpimarratu zuen.
Alokairurako etxebizitza tasatuen harira, Xabier Txurruka alkateak jakitera eman zuen Eusko Jaurlaritzak otsailean zabalduko duela Salberdingo zuzkidura bizitokietan izena emateko epea. 60 etxebizitza izango dira, 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta.
UKTri bizkarra
2024-2027 Diru Laguntzen Plan Estrategikoan bi aldaketa onartu zituzten: bata, norbanakoei ematen zaien diru laguntzei lotutakoa, eta bigarrena, Guka argitaratzen duen Urolako Komunikazio Taldeari (UKT) diru laguntza jaisteari lotutakoa.
EH Bilduko zinegotzi Eider Gurrutxagak esan zuen ados daudela norbanakoei lotutako diru laguntzen aldaketarekin, "egin beharreko doitzea" iruditzen zaielako. Gukari diru laguntza erdira jaistearekin, aldiz, EH Bildu "guztiz kontra" dagoela esan zuen. Jarraian, Udal Gobernuari zuzendu zitzaion: "Hori zuen erabaki bat da, eta ez gaude ados".
Gaia "kezkagarritzat" jo zuen, eta abenduko udalbatzarrean erabilitako hitz berak erabili zituen esandakoa arrazoitzeko: "Gukak gure eskualdea ikusarazten du, gure herrian eta auzotan gertatzen den den dinamika zabal eta aberatsari ahotsa jartzen die. Zarauztarrekiko hurbil daude, baita zarauztarrok antolatzen ditugun ekintza horietan ere. Txikitik herri hau ekiten dihardutenei ahotsa jartzen die, eta hau dena euskara hutsean egiten du. Ez gaude ados zuen erabakiarekin, eta kezkatuta gaude".
Koalizioko zinegotziaren esanetan, erabakiak eragina izango du zarauztarrengan: "Ikusi besterik ez dago gaurko plenoan ez dagoela telebistako kamerarik. Uste dugu hori diru laguntza jaistearen ondorioetako bat izan daitekeela".
Oiarbidek azaldu zuen aldaketen helburua "plan estrategikoa aurrekontuetara egokitzea" dela. "Beraz, ez gara berriz aurreko eztabaidan hasiko". Ez zuen inolako azalpenik eman nahi izan UKTri diru laguntza murriztearen inguruan.