Xabier Txurruka Zarauzko alkateak bere sare sozialetan argitaratutakoaren arabera, Amillubiko birpartzelazioaren behin betiko onespenak autobus geltoki berriaren proiektua abiatzea ahalbidetu du. Zarauzko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, azaroaren 11n hasierako onespena eman zion 17.3 OD Amillubi Antolamendu Definituko Arearen birpartzelazio proiektuari.
Hori eta gero, birpartzelazio proiektua jendaurrean jarri zuten hogei egunez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarki bitartez. Txurrukak azaldu duenez, "epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu" eta horrenbestez, astelehen eguerdian egindako Tokiko Gobernu Batzarrak Amillubi Antolamendu Definituko Arearen birpartzelazio proiektua behin betiko onartu zuen.
Birpartzelazioaren onespenarekin, Amillubin, egun Obretako Udal Brigadaren pabiloia dagoen lurzatian, autobus geltoki berria, salmenta libreko 40 etxebizitza, prezio tasatuko 20 etxebizitza, ekipamenduak eta garaje publiko eta pribatuak eraikitzeko bidea "erabat zabalik" du Zarauzko Udalak.