Eguraldiak lagundu ez duen arren, hainbat herritarrek egin dute bat gaur goizean Eraztun Bere Urdinaren egitasmoarekin. Garate Santa Barbara eremua garrantzi handiko interes puntua da elkartearentzat, eta udalak bere mantenua eta zaintza kudeatzen ditu.
”Zingiran bertan, partzela erosi eta artelatz basoa errekuperatzeko lanak egin genituenetik, 1.300 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago landatu ditugu", azaldu du Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduradunak. Zuhaitz horietatik batzuk, ordea, ez dira hazi eta gaurko egitasmoari esker, horiek ordezkatu dituzte.
Hori horrela, goizeko 10:00 aldera hasi dira gerturatzen herritarrak Vista Alegre parkeko Torreoira. Bertan, parte-hartzaileak familiatan banatu dira, eta bakoitzari atxurra bana eman zaie, baita eskuak babesteko eskularruak.
Torreoitik abiatu eta Zingira basorantz joan dira, bertan gordeta zituzten zuhaixkak hartu eta landatzera. Dagoeneko hainbat zulo zeuden prestatuta inguruan, parte-hartzaileek zuhaixkak hartu eta zulo bakoitzean sartu zitzaten.
Ondoren, kartoizko babesgarriak jarri dizkie bakoitzari, basoko animalia txikiek landareak jan ez ditzaten, eta amaitzeko, kañaberazko makil bana jarri zaie alboan, basozainek sasi-garbitzeko makinarekin moztu ez ditzaten. Zuhaixka guztiak landatu ostean, torreoira jaitsi dira berriro euriak harrapatu baina lehen, merezitako hamaiketakoa egitera.