Indarkeria estetikoaren inguruan sentsibilizatzeko ekintzak antolatu ditu udalak

Julene Sorarrain 2025ko urt. 25a, 14:00

Iñurri elkarteko "tribua". (Iñurri)

Indarkeria mota horren inguruan gizartea kontzientziatzeko asmoarekin, argazki erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu udalak Emakumeen Etxean. Mostra ikusgai egongo da astelehenetik otsailaren 7ra arte. 

Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak, gizartea indarkeria estetikoaren inguruan sentsibilizatzeko asmoarekin, argazki erakusketa eta hitzaldi bat antolatu ditu Emakumeen Etxean. "Emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria-mota bat, bereziki, indarkeria estetikoa da. Emakumeek itxura fisikoagatik, gorputzagatik, janzkeragatik edo irudiarekin lotutako beste edozein alderdirengatik jasaten duten gizarte-presioa, diskriminazioa eta jazarpena da, kanon estetikoetara egokitzeko", azaldu du udalak.

Erakusketa urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra arte egongo da ikusgai, eta Iñurri elkartea arduratu da erakusketa prestatzeaz. Elkarteko bi bazkidek aurkezpen bat egingo dute inaugurazioan bertan, 18:00etan, argazkietan jorratzen diren gaiez hitz egiteko.

Iñurri Elkarteak minbiziak emakumeen gorputzean eragiten duen inpaktua normalizatzea du helburu.

Hitzaldia, aldiz, otsailaren 7an eskainiko dute, 18:00etan, Kalbak solasean, alopeziari buruzko hitzaldia izenburupean. Itzale Laka euskaraz arituko da eta Dora Galvez, aldiz, gaztelaniaz. Itzale Lakak burusoil izatearen esperientziaz hitz egingo du; Dora Galvez aktore sozial eta komikoa Las Calvas Existimos filmaren egilea da.

"Indarkeria estetikoak emakumeengan duen eragina zuzenean ezagutzera eta parte hartzera animatzen zaituztegu, baita gorputz eta pertsonen aniztasuna normalizatzeko beharrari buruz gurekin hausnartzera ere", gehitu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide