Alai kafetegiko jabeak omenduko dituzte Sagardo Egunean

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 24a

Sagardo Egunaren aurkezpen ekitaldia Merkatu plazan. (Zurekin elkartea)

Igandean ospatuko dute Sagardo Eguna, 12:00etatik 14:00etara, Lege Zaharren Enparantzan. Bederatzi sagardogilek parte hartuko dute aurtengo ekitaldian.

Askotariko sagardoa dastatzeko aukera izango da igandean Lege Zaharren Enparantzan, Zurekin elkartearen eskutik. Sagardo Eguna ospatuko dute, eta 12:00etatik 14:00etara bitartean bederatzi sagardogileren postuak egongo dira zabalik. Gainera, aurtengoan, erretiratu berri diren Alai jatetxeko Iñigo Intxauspe eta Helena Pedrosa omenduko dituzte.

Ekitaldiak ehunka lagun biltzen ditu urtero, bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak; hori horrela, herriko ostalariek ongietorria ematen diote txotx sasoiari. Sagardoa dastatzearekin batera, ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute Lege Zaharren Enparantzara joaten direnek; besteak beste, musika izango da, bertsoak Motxian-Etxebeltz bertso eskolaren eskutik eta txistulariak Goizeko Ihintza elkartearen eskutik. Familientzako txokoa ere prestatuko dute, etxeko txikienek eskulanak egiteko eta jolasteko aukera izan dezaten.

Bederatzi postu

Aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako bederatzi sagardogilek parte hartuko dute aurtengo festan: Adunako Aburuzak, Urnietako Altunak, Zestoako Ekainek, Aiako Izetak, Astigarragako Lizeagak, Oiartzungo Ordozelaik, Astigarragako Petritegik, Aiako Satxotak eta Usurbilgo Urdaira.

Sagardo Egunera bertaratzen direnek, 12 euroko txartelarekin, sagardo berria, txuleta pintxoa eta kopa izango dituzte, sagardogile guztien sagardoa dastatu ahal izateko. Halaber, Euskal Parrillak txuleta pintxoak salduko ditu. Gainera, berrerabilpena sustatzeko, kopa itzultzen duenari 2 euro itzuliko dizkiote.

Iaz, Kirkillakoak

Iaz, herrian oso ezaguna eta maitatua den bikote bat omendu zuten Sagardo Egunean: Kirkilla jatetxeko Romero Ameztoik eta Iñaki Olazabal Paxo-k jaso zuten aitortza. 40 urteren ondoren erretiroa hartu zuten, lekukoa semeei emanda. Hain zuzen ere, bikotearen hiru semeak atera ziren plazara gurasoei aurreskua dantzatzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide