Malekoian egingo dituzten Urban Klima 2050 proiektuaren barruko obrek zeresana eman dute herritarren artean. Hori horrela, lan horiekiko desadostasuna agertu dute batzuek, eta hori adierazteko asmoz, sinadurak biltzen ari dira. Abenduan jakinarazi zuen Zarauzko Udalak malekoia moldatuko zuela, "klima aldaketaren ondorioz gerta daitezkeen kalteak saihestu ahal izateko".
Udaleko ordezkariek aditzera eman zutenez, malekoiaren zati bat eta Munoa plaza eraberrituko dituzte, Narros jauregitik Marinel kalera arte. Hala, malekoiaren kota metro erdi igoko dute ia 200 metroko luzeran. Horrez gainera, Munoa plazaren zati bat eraitsiko dute; Munoa azpitik tunel modukoa sortzen duen zatia, eta, era berean, egungo terraza.
Horrekin batera, hondartzako lehen sarbidea kentzea da udalaren asmoa, eta beste sarbide bat jartzea arrapala bidez malekoitik hondartzara jaisteko. Horrez aparte, pasealekua olatuetatik babesteko horma bat eraikiko dute. Lanak urtarrila amaieran aterako dituzte lizitaziora, eta 2025eko amaieran edo 2026ko hasieran abiatuko dituztela aurreikusten dute.
Bizilagunak haserre
Marina Txiki tabernaren jabe Esteban Altunari zuzen-zuzenean eragingo diote lanek, eta haren ekimenez abiatu dute sinadura bilketa, hain zuzen ere. Malekoiak "edertasun guztia" galduko duela dio tabernariak, eta argi utzi du erabat proiektuaren aurka dagoela. "Hormigoizko horma bat itsaso aurrean jarriz gero, bere xarma guztia galduko du terrazan kafe bat hartzeak", nabarmendu du.
Era berean, proiektuaren xehetasun guztiak ezagutu nahiko lituzkeela esan du Altunak: "Oraindik ez dakigu ezer pasealekuan egin nahi dutenaren inguruan". Ildo beretik, malekoi ondoko etxebizitza batean bizi den Iñigo Altunak egoera deitoratu du, eta bere haserrea adierazi: "Udalak gutxienez proiektuaren nondik norakoen berri eman behar zigun bertako bizilagunoi eta malekoian negozioa duten jabeei".
Marmol tabernaren jabe Ignacio Liriak ere bere desadostasuna agertu du proiektuarekiko. Liriaren ustez, moldaketa ez da "klima aldaketarako soluzioa" izango. "Are gehiago, malekoian negozioa dugunok ateak ixteko arriskuan egon gaitezke".
Udalarekin bildu nahi
Egoera horren aurrean, obrak geldiarazteko sinadurak biltzen ari dira Marina Txikin bertan; interesatuek aipatu tabernan topatuko dute orria. Jarduera horretaz aparte, udaleko ordezkariren batekin bildu nahiko luketela diote hiru herritarrek. "Zarauztarron iritzia eta proposamenak entzun beharko lituzkete, eta guztion artean soluzio bat aurkitu beharko genuke", gaineratu du Esteban Altunak.