Emakumeen oinetan dago hondartzako futbola

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 29a, 16:00

Hemezortzi talde aritu dira jokoan gaur goizean Zarauzko Plaieroek antolatutako II. Emakume Futbolari Egunean. Lagunarte giroan, ondo pasatzeaz gain, ikusgarritasuna eman diote emakumeen plaieroei.

Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan hamar talde ari dira lehian aurtengo denboraldian, eta azken urtetan gorako joera hartu duen arren, gizonezkoetan dagoen talde kopurutik urrun dago oraindik. Hori kontuan hartuta, eta bereziki emakumeen plaieroak indartzeko eta herrian ikusgarritasuna emateko, Emakume Futbolari Eguna ospatu dute gaur goizean bigarren urtez.

Zarauzko Plaieroetako antolakuntzak egindako deialdiak erantzun bikaina izan du beste urte batez. Izan ere, hemezortzi izan dira emakumeei zuzendutako jardunaldi berezian parte hartu duten taldeak; gehienak Zarauzkoak, baina tartean izan dira Oriokoak eta Getariakoak ere. Hondartza okupatzea zuten xede, eta helburua sobera bete dute: bederatzi joko eremu hartu dituzte partidak jokatzeko, Muskaria aurreik Beraza pareraino gutxi gorabehera.

Talde parte-hartzaileak 08:30ean elkartu dira malekoian, plaieroetako lokalaren aurrean, eta ordezkariekin izen-emateak berretsi ondoren, ateak eta sareak bizkarrean hartuta, norbere joko eremura joan da. Norgehiagokak 09:15 aldera hasi dira, eta talde bakoitzak bi partida jokatu ditu; neurketa bakoitza 15 minutuko bi zatitan banatu dute.

Egitasmoak ez du txapelketa dinamikarik izan, lagunartean eta giro atseginean hondartzako futbolaz gozatzea ez besterik. Epailerik ere ez dute izan, eta jokalariek eurek zuzendu dituzte haien norgehiagokak inolako arazorik gabe. Amaieran, indarberritzeko eta goizeko hotzetik berotzeko, parte hartzaile guztiei txokolate beroa banatuko diete lokal aurrean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide