Kaiolako erritmo dantzagarriek berotu dute negua

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 29a, 12:15

Frontoi Txikik Kaiolatik Winter Series jaialdi elektronikoaren lehen edizioa jaso zuen atzo arratsaldean. Elektropeña eta Munizio DJek girotu zuten arratsaldea, eta festak erantzun ezin hobea izan zuen herritarren aldetik.

Jon Peñagarikano Elektropeña DJaren ekimenez, eta Arraio Irratiarekin lankidetzarekin, Kaiolatik Winter Series jaialdia ospatu zuten atzo arratsaldean Frontoi Txikin. Udako Kaiolatik egitasmo ezagunaren neguko segida izan zen atzokoa; lehena, baina ziur ez dela azkena izango. Izan ere, jendez bete zen frontoi ondoko plaza eta bere ingurua, erritmo elektronikoak atari zabalean gozatzeko asmoz.

Frontroi Txikiko erdiko kuadrotan, margotuta dauden pilotalekuaren izenaren, ikurriñen eta Zarauzko udalerriaren armarriaren azpian, pankarta handi bat jarri zuten Kalea gurea da! Up the kaiols! leloarekin. Azken finean, atzoko egitasmoaren helburuetako bat, Peñagarikanok aurrez adierazi zuen bezala, neguan bestelako musiken eta herriko eragileen kale presentzia sustatzea da.

Kaiolatik Winter Series jaialdiko estreinako ekitaldian Peñagarikano bera aritu zen pintxatzen, Elektropeña goitizenez, eta berarekin batera, soinu mahaietara animatu zen beste disko jartzailea Azkoitiko Munizio izan zen. Eskaini zuten musika saioak, behintzat, hotzetik gutxi izan zuen, kaleko negu gorria ederki berotu zutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide