Hilaren 13ra aldatu dute Jose Angel Iribar Zarauzko Seme Kutun izendatzeko ekitaldia

Intza Trula 2024ko abenduaren 6a

2017an Gipuzkoako Athletic Zaleen Bilgunean Iribarri egindako omenaldia Zarautzen. (Aiora Larrañaga)

Hilaren 11n egitekoak ziren omenaldia, baina atzeratu egin dute. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Zarauzko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarrean onartu zuen aho batez Jose Angel Iribar Zarauzko Seme Kutun izendatzea, "Iribarrek bere ibilbide profesionalean zein pertsonalean bere herriarekiko erakutsi duen harrotasuna eta maitasun paregabea eskertzeko asmotan".

Ekitaldiaren eguna atzeratu dute; izan ere, abenduaren 11n ziren egitekoak, baina azkenean 13an emango diote atezain ohiari izendapenaren domina. Zarauzko Udaleko pleno aretoan izango da, 19:00etan. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Zarauztarrak 1962tik 80ra jokatu zuen Athleticen, eta epe horretan ligarik irabazi ez bazuen ere, lortu zituen titulu esanguratsuenen artean, bi Espainiako Kopa irabazi zituen 1969an eta 1973an, baita ligako atezain onenaren Zamora saria ere, 1969-1970 denboraldian. Horrez gain, 1964. urtean Europako Txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin.

Iribarrek 80 urte bete zituen iazko martxoan, eta ordutik omenaldi ugari jaso ditu: iazko abenduan, esaterako, berari eskainitako eskultura jarri zuten San Mames zelaiaren atarian, eta bere kirol ibilbideari buruzko dokumentala ere estreinatu zuten Primeran plataforman.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide