Bederatzina elkartek eta herrialdek hartuko dute parte Bertakoak egitasmoan

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 1a

Bertakoak egitasmoaren aurkezpena, Ongi Etorri elkartean. (Aritz Mutiozabal)

Kulturaniztasunaren bazkaria hilaren 14an egingo dute, eta izena hilaren 11 bitartean eman beharko da. Beste toki batzuetatik etorritako zarauztarrak ezagutzeko aukera izango da, haien gastronomiaren bitartez.

Gastronomia aitzakitzat hartuta, beste herrialde batzuetatik etorritako bizilagunekin harremanak sendotzeko xedearekin sortu zen Bertakoak. Egitasmoak arrakasta izan zuen lehen alditik, eta aurten, abenduaren 14an, zortzigarrenez ospatuko dute. Horren berri emateko, agerraldia egin zuten ostegun arratsaldean Ongi Etorri elkartean, udaleko ordezkariek, elkarte gastronomikoetako hainbat kidek eta, jakina, herrian errotuta dauden beste herrialdetako zenbait bizilagunek.

“Ekimen honek erakusten digu, bakoitzaren jatorriaz harago, denak garela bertakoak’”, adierazi zuen Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. “Kulturartekotasuna eta elkar ezagutza sustatzen duen jarduera honen bitartez, gure herrira munduko hamaika tokitatik iritsitako zarauztarrak ezagutzeko eta haien kulturaren eta gastronomiaren berri izateko aukera paregabea da hau”, gaineratu zuen.

Zarautz bezalako herri batean, elkarteak bezalako espazioak "elkar ezagutzeko oso toki garrantzitsuak" direla berretsi zuen zinegotziak. Bertakoak ekimenaren bilakaerari buruz ere datu baikorrak eman zituen. Aranaren esanetan, 2014an egin zen lehenengo edizioa eta, aldi hartan, 77 lagunek hartu zuten parte. "Joan den urtean, aldiz, 300 pertsona izan ziren jarduera gastronomiko honetan parte hartu zutenak", aditzera eman zuen, aldea nabarmenduz.

Aurten bederatzina elkarte gastronomikok eta herrialdek hartuko dute parte, modu honetara banatuta: Alkartasuna elkarteak Ukraina hartuko du; Arrano elkarteak Senegal; Batzokiak Honduras; Galeperrak Mexiko; Itxas-Mendiko elkarteak Argentina; Iñurritza Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak Nikaragua; Ongi Etorri elkarteak Guatemala; Carballeirak Txile; eta Urpekoak elkarteak Brasil. Aurten, estreinakoz hartuko du parte Txilek; gainerako herrialdeak, berriz, badute esperientzia jardueran.

"Eskuzabal onartuak"

Albert Dieng senegaldarrak hainbat bider errepikatu du Bertakoak egitasmoan, eta norbere herrialdetik Zarautzera iritsitakoen izenean, eskerrak eman nahi izan zizkien herriari eta herritarrei: "Zuek eskuzabal onartu gaituzue, eta esker hitzak besterik ez ditugu". Aurten, Arrano elkartean ariko da sukaldean, guztien gozamenerako.

Egitasmoan berak baino esperientzia handiagoa duen bizilagunik izango dela nabarmendu zuen, baina antolatzaileen aldetik "egundoko ahalegina" egiten dela iruditzen zaio haien jatorrizko kultura eta gastronomia ezagutarazteko, eta haiei aukera hori emateko.

"Jende gutxi gaude hemen, gure lurraldetik urrun, baina gure artean elkartuta ulertzen ari zarete zer gertatzen ari den gure herrialdean. Zentzu horretan, benetan eskertuta gaude". Bertakoak esperientzia "izugarri polita" dela nabarmendu du Diengek, izan ere, "elkarteetan jendeak esku zabalik hartzen zaitu zure etxean egongo bazina bezalaxe".

"Guztiz aberasgarria"

Berpiz Agirre Galeperrako batzordekidea da, eta hirugarren urtea du egitasmoan parte hartuko duena. "Batzordean nago, eta libre samar ibiltzen naizenez, laguntzera animatu nintzen", azaldu du. Lehenengo urtean Mexiko izan zuten gonbidatu, eta aurten ere herrialde bera hartuko dute beso zabalik: "Mexikarra jada lagunak ditugu, eta horien bueltan kuadrilla bat ere ibiltzen da. Beraz, dagoeneko elkartea beteta izango dugu".

Agirrek dio "guztiz abesgarria" dela kulturartekotasun topaketa hauek: "Esperientzia berri bat izan ohi da, bai haientzat bai guretzat". Elkarren artean sortzen den giroa lagunarteko edozein otordutakoaren antzekoa dela azpimarratu du, gainera: "Jan, edan eta ondo pasa!".

Bazkarietan izena emateko

Bertakoak ekimeneko bazkariek 10 euro balio dute, eta izena emateko azken eguna abenduaren 11 izango da. Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete (Zigordia kalea, 33), 943-00 51 27 telefono zenbakira deitu edo immigrazioa@zarautz.eus posta elektronikora idatzi. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, hogei lagun inguru jasoko dituzte elkarte bakoitzean, sukaldariak eta elkarteko kideak salbu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide