Zarauzko udal gobernuak atzo jakinarazi zuenez, Inaxio Illarramendi udaleko bigarren alkateordeak eta PSE-EEren bozeramaile nahiz zinegotziak "jazarpena jasan" zuen larunbat gauean Hiruputzu gaztetxean. Horren aurrean, Zarauzko PSE-EEren eta EAJren udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu dute, eta haien "gaitzespenik sendoena" adierazi dute "zarauztarrek demokratikoki aukeratutako arduradun publiko izateagatik jasan duen erasoaren aurrean".
Illarramendik Zarauzko gobernukide guztien «babes osoa» duela nabarmendu dute, eta argi utzi nahi izan dute zinegotziaren aurkako eta haren karguaren balio demokratikoen aurkako erasoa "onartezina" izan dela.
"Espazio irekiak"
Zarauzko EH Bilduk ere gaitzetsi egin du gaztetxean gertatutakoa, koalizioaren izenean helarazitako oharrean. EH Bilduk zehaztu duenez, "larunbat gauean bi pertsonak gaztetxetik bota zuten" Illarramendi, eta gertaera hori "onartezina" dela salatu du. Era berean, PSE-EEren zinegotziari "babes osoa" adierazi dio.
Gaztetxeak espazio "irekiak, askeak eta elkarrenganako errespetuan oinarrituak» direla gaineratu du EH Bilduk, eta «are gehiago, udal espazioak izanik". Beraz, halakorik gehiago ez dadila gertatu eskatu du.