Martxan da Inauterietako kartel lehiaketa

Intza Trula 2024ko aza. 20a, 09:00

Inauterietako kartel lehiaketara aurkeztutako ereduak Euskalduna tabernan. (Utzitakoa)

Otsailaren 28tik martxoaren 2ra ospatuko dituzte Inauteriak Zarautzen, eta jaiak iragartzeko kartelaren bila dabiltza udala eta Euskalduna taberna. Lanak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31 izango da.

Otsailaren 28tik martxoaren 2ra ospatuko dituzte Zarautzen Inauteriak, eta jaietako egitaraua iragartzeko kartel lehiaketa abian da dagoeneko. Beste urte batez, Zarauzko Udalak eta Euskalduna tabernak elkarlanean antolatu dute lehiaketa, eta jakitera eman dutenez, lanak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31 izango da.

Parte hartzaileen artean hiru sari banatuko dituzte: lehenengo saria (300 euro), bigarren saria (100 euro) eta publikoaren saria (bi pertsonentzako afaria Euskalduna tabernan. Azken sariduna hautatzeko boza Zarauzko Turismo Bulegoaren Facebook kontuan eman ahal izango da, otsailaren 3tik 7ra.

Antolatzaileek azpimarratu dute lanak A3 neurrian egin beharko direla (TIFF, JPG edo PDF formatuan) eta USB batean aurkeztu Turismo Bulegoan edo Euskalduna tabernan.

Lehiaketaren oinarriak honako lotura honetan kontsulta daitezke, eta informazio gehiago nahi dutenek 943-00 51 19 telefonora deitu edota jaiak@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide