Kajueteik Salbideko labaderoa "berpiztu" du bere mural berriarekin

Julene Sorarrain 2024ko aza. 18a, 16:00

Aurreko larunbatetik dago ikusgai margolana auzoko Oreka Studio lokalaren kanpoan.

Urria hasieran ekin zion Jose Maria Iruretagoiena Kajuetei margolariak Salbide auzoan kokatu berri duten murala margotzeari.

Salbidetarrak "aspalditik" zuen buruan murala margotzeko ideia: "Ni hemen bizi izan naiz zortzi urte nituenetik. Labaderoa gure amonak, amak eta izebak lanerako erabiltzen zuten. 1960. urte inguruan, ordea, garbigailuak sortu zituzten eta labaderora joateari utzi zioten. Ondorioz, auzoko haurrentzako jolas-lekua bilakatu zen. Orduak igarotzen genituen uretan sartuta, aingiren atzetik. Azken hamar urteetan utzita geratu zen, mantentze-lan asko baitzuen. 1997. urtean, Salbide baserria bota zuten, eta etxebizitza berrien etorrerarekin, estali eta galdu egin zen".

Margolariaren hitzetan, labaderoak "laneko mundu gogorra eta garaiko haurren jolas-lekua" irudikatzen zituen, "desagertu den mundu bat", hain zuzen. Beraz, auzoko historiaren parte zen lekua berreskuratu nahian, herritar guztientzat ikusgai egongo den margolan bat sortu du.

Bestalde, Kajueteik argitu du murala berak egina dela baino auzoari "oparitu" diola. Gainera, Iturribideko Lagunak Elkartea, Imanol Benito eta Erramun Eizagirre eskertu ditu, muralerako materiala ordaindu izanagatik eta lokalaren kanpoko horman kokatzeko baimena emanagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide