Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina jarri du martxan. Kanpainaren helburuak "kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea" dira. Ingurumen sailaren esanetan, "lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, funtsezko elementua da jasangarritasuna bultzatzeko".
Hori hala, lau fase izango ditu kanpainak, urteko urtaro bakoitzeko bat. Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko zinegotziak azaldu duenez, dagoeneko jarri dituzte udazkeneko kanpainari lotutako bost panelak herrian: "Sasoiko bost produkturen argazkiak, kanpainaren leloa eta sustatu nahi den kontzeptua dituzte panelek: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua".
Halaber, fase bakoitzean herriko nekazaritza-ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da Guka Telebistan; laburragoak direnak, berriz, sare sozialen bitartez emango dituzte. Horrez gain, zarauztar bati elkarrizketa egingo diote kanpainako eduki bakoitzari lotuta.
Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak azaldu duen moduan, osasuna da udazkeneko gaia, eta horretarako Felix Zubia mediku zarauztarra elkarrizketatu dute. "Denboraldiko eta tokiko produktuen kontsumoak gure osasunean duen garrantziaz hitz egingo du elkarrizketan", argitu du Illarramendik. Horrez aparte, Ametsolako Julen Zulaika den bertako ekoizle baten ustiategian grabatutako bideoa kaleratuko dute. Ekoizpen ekologikoan aritzen da Zulaika.
Ingurumen sailak jakitera eman duenez, datozen faseetan gastronomia, erosleak eta jasangarritasuna gaiak jorratuko dituzte, eta herritarrak sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera animatu dituzte.