Etxeko borrokalarien lan ona nabarmendu dute Zarautzen jokatutako kickboxing lehiaketan

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 18a, 09:00

Hamabi borrokaldiz osatutako jaialdia egin zuten larunbat arratsaldean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Zarauzko borrokalariek egindako lana goraipatu du Kuraia Fight Club Zarautz klubeko buru eta lehiaketako antolatzaile Asier Garaiarrek. 

Dagoeneko Zarauzko eta Euskal Herriko borrokaldien egitarauan klasikoa den Basque Country K-1 Euskal Herria kickboxing jaialdia jokatu zuten larunbat arratsaldean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Giro ederra izan zuten zapatuan lehiaketa honen hemeretzigarren aldian, eta etxeko borrokalariek zaletuen eta lagunen animoak eta oihuak entzuteko aukera izan zuten.

Guztia, hamabi borrokaldiz osatu zen jaialdia, eta horietako lautan ekitaldiko antolatzaile Kuraia Fight Club Zarautz klubeko borrokalariak izan ziren. Lehen saioan, Zarauzko Gorka Castro Donostiako Iker Blancorekin neurtu zen. Epaileak ez ziren ados jarri, eta batek garaipena Castrori eman bazion, besteak Blanco izendatu zuen irabazle bezala. Hala, berdinketa izan zenez, baliogabetzat utzi zuten borrokaldia. 

Bigarren borrokaldian, Zarauzko Diego Aragonek ezin izan zuen Kuraia Usurbilgo Aimar Asoreyren aurka. 

Zarauzko beste bi borrokalari ere igo ziren kaiolara. Peru Agirrezabalagak, bere lehen borrokaldian, Kuraia Donostiako Christhian Castañedari irabazi zion. 

Aritz Irureta ere garaile suertatu zen herrikideen aurrean. Bere ibilbideko bosgarren borrokaldia zuen herenegungoa, eta Donostiako Lander Baileren aurka aritu zen. Iazko jaialdiko errebantxa gisa ikus zitekeen zapatuko lehia, eta Zarauzkoa nagusi izan zen oraingoan.

Kuraia Fight Club Zarautz klubeko buru eta jaialdiko antolatzaile Asier Garaiar pozik agertu da bere borrokalariek egindako lanarekin. "Oso ondo aritu dira etxeko lau kirolariak. Oso harro eta pozik nago denekin", azpimarratu du.

Profesionalen borrokak

Profesional mailako bi borrokaldik eman zioten amaiera larunbateko jaialdiari. Lehenan, Martuteneko Unai Iruretagoena eta Frantziako Yaniss Sellin neurtu ziren; bigarrengoan, Martuteneko Kevin del Rio eta Madrlgo (Espainia) Ayoub Jauaou Regdou. Bietan ere, euskal borrokalariak galtzaile suertatu ziren. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide