La Culpa eta Tatxers taldeek dantzan eta kantuan jarri dituzte herritarrak

Julene Sorarrain 2024ko aza. 17a, 17:00

Lege Berria kolektiboak antolatutako emanaldiek hartu zuten atzo gauean Hiruputzu gaztetxea. 

Lege Berria kolektiboaren agendaren barruan, Valentziako La Culpa eta Atarrabiako Tatxers taldeek kontzertu bana eskaini zuten atzo gauean Hiruputzun. Hainbat herritar nahiz kanpotar gerturatu ziren gaztetxera emanaldiak entzutera, izan ere, kolektiboak sarrera guztiak saldu zituen denbora gutxian. Taula gainera igotzen lehenak izan ziren valentziarrak, eta hain berezkoa duten post-punk doinuek entzule guztiak hipnotizatu zituen.

Ondoren, Tatxers hirukoaren txanda izan zen. Atarrabiarrek Ezpatei disdira! lan berria aurkeztu zuten. Espero bezala, ia ezin izan zen abeslarien ahotsik entzun, izan ere, hurbildu ziren guztiek arnasa betean abestu zituzten taldearen kantak. 

Bestalde, abenduaren 7an eskainiko du kolektiboak aurtengo denboraldiko azken kontzertua. Egun horretan Enemic Interior, Zikin eta Cuero musikariak igoko dira oholtza gainera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide