Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez Zarauzko alkate Xabier Txurrukarekin bildu zen atzo Zarautzen. Herriko turismo bulegoak bisitatzeaz gain, etorkizun batean Zarautzen autobus geltoki bat eraikitzeaz jardun zuten
Diputatuaren eta alkatearen hitzetan, Euskotrenen San Pelaioko geltokitik hurbil eraikiko litzatekeen azpiegitura hori "funtsezkoa" izango litzateke Zarauzko eta eskualde osoko mugikortasunerako. Aldundiaren arabera, "erabiltzaileek autobusen zain egoteko espazio egokiagoa eta erosoagoa izateaz gain, intermodalitatea erraztuko du, Euskotrenekin zuzenean konektatzen baita, ETSren San Pelaioko geltokiarekin lotura zuzena aurreikusten baita".
Aldundiak igorritako oharrean jasotzen denez, diputatuak konpromisoa hartu du "Zarautz geraleku estrategiko gisa mantentzeko ibilbide luzeko lineetan, eta bi erakundeek Eusko Jaurlaritzarekin batera berriro biltzeko deia egin dute, erakunde publiko bakoitzak azpiegitura horretan hartuko duen konpromiso-maila zehazteko".
Txurrukaren esanetan, berriz, "proiektuaren kokapena estrategikoa da Zarautzen eta eskualdean mugikortasun intermodala eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko".
Aurreratu dutenez, autobus geltokia egun udalaren obra brigadaren pabilioia dagoen lursailean eraikiko dute, behin Abendañora lekualdatzen denean. Proiektuak jasotzen duenez, lurpean aparkaleku publikoak, autobus geltoki estalia, zerbitzuak eta kafetegiak kokatuko dira, eta haren gainean 60 etxebizitza eraikiko dituzte, horietatik hogei babestuak, prezio tasatuan.