Emozioz beteriko lanak erakutsi dituzte aurtengo Nazioarteko Argazki Mostran

Julene Sorarrain 2024ko aza. 16a, 13:30

Aurtengo edizioko argazkilariek beren lana inauguratu zuten atzo arratsaldean. Argazki bilduma urtarrilaren 19ra arte bisitatu ahal izango da Zarauzko kultur etxean, asteartetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatuta, XXXII. Ramon Serras Nazioarteko Argazki Mostra inauguratu zuten atzo arratsaldean. Bertan izan ziren aurtengo edizioko irabazleak, udaleko eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko ordezkariak eta noski, argazkiak ikustera gerturatu ziren hainbat herritar. 

Aurten 32. edizioa ospatu dute, eta horretarako, Jon Garateren, Sara Martinezen, Vanessa Ruizen eta Teresa Uzedaren lanak jaso dituzte Sanz Eneako erakusketa gelan. Erakusketaren irekierarekin batera, sari banaketa ere egin zuten, eta argazkilari bakoitzak bere lana azaltzeko aukera izan zuen. 

Lehena izan zen Teresa Uzeda. "Argazkiak nire herrian egin ditut, nire etxetik bi kilometrotara dagoen leku batean. Serigrafia erabiliz egin ditut, eta dirudi zuri-beltzak direla, baina gerturatzen bazarete, tintak disdira egiten duela ikusiko duzue. Nire erreinu galdua da". 

Jarraian, Ruizek hartu zuen hitza. "Zarauzko Argazkizale Elkartea eskertu nahi dut hemen egoteko aukera bat emateagatik, nire lanak besteekin konektatu dezan. Nik zuri-beltzez egindako mostra bat ekarri dizuet. Uste dut kolorearen absentziak momentuak atenporalki arrapatzea ahalbidetzen duela. Argazki hauek ez dira aurretik pentsatuak, behaketaren eta momentuaren fruitua baitira". 

Garatek Noraezean mostra erakutsi du lehenengo aldiz. Bi azken urteetan periferiatik ibili ostean lortutako emaitza da. "Lurraldea eta indentitatea, garapena eta jasangarritasuna, kontatzen denaren eta gertatzen denaren artekoa azaleratu nahi izan dut. Niretzat argazkiak mila galdera altzatu behar ditu, ez mila hitz esan". 

Amaitzeko, Martinezek ere elkarteko kideak eskertu zituen bere lana erakusteko aukera eman izanagatik. "Nik sentimendu-mukurua ekarri dizuet. Diarios de una infancia (Haurtzaro baten egunkariak) lanak oso ohikoa den errealitate bat azpimarratzen du: oztopoz betetako haurtzaroan zehar bizi izandako egoera animikoak eta sentsazioak. "Ohartarazten digu zein garrantzitsua den hazkuntza osasuntsua, garbia eta orekatua izatea, eta horrek nola eragiten duen gure ni helduan". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide