Iban Ameztoi: "Datuen sinesgarritasuna eta horiek prozesatzeko gaitasuna izango dira gure erronketako bi"

Mireia Galarza Bastida 2024ko aza. 15a, 11:30

Iban Ameztoi. (Mireia Galarza Bastida)

Ingurumen zientzian eta telegidaketan aditua da Iban Ameztoi zarauztarra. Sateliteak abiapuntutzat hartuta, ordubete inguruko hitzaldia eskainiko du gaur.

Europako Komisioak Ispran (Italia) duen Ikerketa Zentro Bateratuan (JRC) lan egiten du 2013az geroztik Iban Ameztoik (Zarautz, 1980) analista gisa. "Geldialdi bat" egiten ari da orain, urte amaierara bitartean, eta Zarautzera itzuli da familiarengana. Urtarrilean Italiara joango bada ere, gelditu gabe dabil, eta Arkamurkak antolatuta, sateliteei buruzko hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan. 

Sateliteei buruz ariko zara gaur, baina zer da zehatz-mehatz azalduko duzuna?

Nire jarduna telegidaketarekin eta ingurumenari lotutako sateliteekin dago lotuta. Hori hartuko dut abiapuntu bezala, eta existitzen diren satelite motei eta horiek dituzten ezaugarriei buruz hitz egingo dut. Tramankulu horien errepaso historiko bat egiten ere saiatuko naiz, eta nire ibilbide profesionalean zehar egindako hainbat lanen inguruko azalpenak emango ditut. Azkenik, urteetan gai honi buruz sare sozialetan egin dudan dibulgazioari buruz ere jardungo dut.

Sateliteak telekomunikazio sektorearekin lotu ohi ditu jendeak, baina horiez harago, zein motatakoak daude?

Satelite mota asko daude, baina ezagunenak dira telekomunikaziokoak eta meteosatak, hau da, eguraldi aurreikuspenak egiteko balio dutenak. Dena dela, nik beste batzuei buruz hitz egingo dut, orbita baxuan, 400 eta 700 kilometro inguruetan, ibiltzen direnei buruz; lurra ikuskatzen dutenei buruz. Horiek ahalbidetzen dutena da erresoluzio espazial handiagoa; alegia, pixel bakoitzak diskriminatzeko ahalmen handiagoa izatea. Lurraren prozesuez, dinamikez edota aplikazioez ariko naiz. 

Mota anitzak badira, funtzionamenduak ere hala izango dira.

Hori da, denetarik dago, baina nik satelite komertzialak eta datu irekietan oinarritzen diren satelite motak bereiziko nituzke. Aurrenekoak kudeatzen dituzten enpresei eska diezaiekegu momentu konkretu bateko argazki bat, eta ordainduta lortu egingo dugu. Asko gertatzen ari da hori, adibidez, Ukrainako gerrari lotuta. Datu irekietan oinarritzen diren sateliteak desberdinak dira, eta horietakoak dira, adibidez, Copernicus programaren barruan daudenak. Europako Batasunak jarri zituen martxan horiek, eta koordinatzailea Europako Komisioa da. Haren helburu nagusia da Europan informazio zerbitzuak garatzea, bai sateliteetatik datozen irudiekin, bai tokian bertan hartzen diren datuekin. Hori guztia kudeatzen du programak, eta datuak libreki nahiz modu irekian daude eskuragai. 

Bigarren satelite mota horiek zertarako erabiltzen diren jakiteko adibiderik jarriko al zenuke?

Nire kasuan, adibidez, kokaina eta heroina lortzeko plantazio ilegalak hauteman genituen Bolivian, Perun eta Afganistanen. Dena dela, bestelako prozesuetan ere laguntzen dute: klima aldaketarekin lotutako hondamendietan, ozeanoko korronteen mugimenduetan, altimetrian... Gure betebeharra da jasotako datuak balio erantsia daukaten informazioan eratortzea. Ez dira egunerokotasunean hitz egiten ditugun gaiak, baina bai bitxiak.

Irudi oso zehatz bat lortzea baino koplexuagoa izango da zuen lana, ezta?

Kontuan hartu behar dugu satelite hauetako irudiek ikuspegi sinoptikoa eskaintzen dutela, hau da, denboran jarraia den ikuspegia. Horrek ahalbidetzen duena da ezagutza askoz ere sakonagoa edukitzea edozein prozesutan; adibidez, nekazaritzan, lehorteetan, anomalia termikoetan... Ikuspegi konplexuagoa du gure lanak, eskala globalagoan jarduten dugulako. Dena dela, guk lortzen dugun informazioa lortzeko bide bakarra da erabiltzen duguna, beste era batera lortzea ezinezkoa izango litzateke. Azken hilabeteetan, adibibidez, baso tropikalak hautematen egin behar izan dugu lan Brasilen, Paraguain, Bolivian... Esan bezala, datu horiek lokalagoak diren beste batzuekin batu daitezke gero, informazioa osatzeko.  

Satelite horiek denbora asko igarotzen al dute orbitan?

Satelite motaren araberakoa da hori; batzuek bi urte, besteek bost edo zazpi... Erregaiaren arabera ere izaten da hori. Guk lan egiten dugun sateliteek, gainera, joera izaten dute pixkanaka-pixkanaka Lurrera gerturatzeko; betiere, erregaia baldin badute, maniobrak egin daitezkeelako horiekin orbita horretan mantentzeko.

Lurrean zaborrarekin dugun arazoaz gain, zabor espazialari buruz ere hitz egiten ari dira zenbait aditu. Zer gerta daiteke horrekin?

Arazo handi bat etor daiteke. Izan ere, zenbat eta satelite gehiago egon, beren artean talkak gertatzeko arriskua handiagoa da. Horiek erabat apurtzen dira elkar jotzen badute, eta zati txikiek bueltaka jarraitzen dute orbitan zehar; hori arazo bihur daiteke beste sateliteentzat. Nik Sentinel 2 satelitearekin egiten dut lan, eta batzuetan gertatzen zaigu irudiak ez iristea. Orduan jakiten dugu satelite hori bere orbitatik pixka bat desbideratu egin dutela talka arriskua zeukalako. Europako Agentzia Espazialak Darmstadten (Alemania) duen Operazio Espazialen Europako Zentroan jarraipena egiten diote zabor horri, eta egia da asko kontrolpean dutela. Espazioa oso handia da, eta oraindik ez da zaborrarena arazo potolo bihurtu, baina kontuan hartu behar da hurrengo urteetan beste milaka satelite botako dituztela espaziora eta egoera alda daitekeela. Izan ere, sateliteen orbitaratze prozesua asko merketu da.

Adimen Artifiziala edonon dago. Zuei nola eragiten dizue horrek?

Sateliteetatik informazioa jasotzean, guk eratorri egin behar dugu hori, eta batzuetan nahiko erraza da fotointerpretazioz delineatzea. Hala eta guztiz ere, egoera konplexuak ere izaten ditugu, eta Amazonak eskuz delineatzen ezin dugunez hasi, denbora asko igaroko genukeelako horretan, teknologiak eta, batez ere, Adimen Artifizialak asko lagun dezakete. Prozesuak eraginkortu ditzake adimen mota horrek, eta ondorioz, guri lana erraztu. Nik bi esparru desberdinduko nituzke: bata, algoritmo tradizionalena, eta bestea, gaur egungo familia berriena, hala nola sare neuronalak.

Etorkizunera begira, zer erronka dituzue?

Nik, motz-motzean, bi bereiziko nituzke: datuen sinesgarritasuna eta datuak prozesatzeko gaitasuna. Bi horiekin lan asko izango dugu etorkizun hurbilean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide