Artearen koban barrena, paseoan

Juan Luis Romatet ('Gipuzkoako Hitza') 2024ko urr. 29a, 09:30

Carlos Inda artistaren 'Altamiratik, inboluzioa' erakusketa, asteon, Zarauzko Sanz Enea kulturgunean. (Aritz Mutiozabal)

Carlos Inda artista donostiarrak Altamiratik, inboluzioa erakusketa zabaldu du Zarauzko Sanz Enea kulturgunean. Egilearen artista ibilbidearen "atzera begirako bat" da erakusketa. Azaroaren 11ra arte egongo da zabalik. Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua.

Abstrakzioan barrena egindako paseo bat proposatzen du Zarauzko Sanz Enea kulturguneak egunotan. Izan ere, Carlos Inda artistak (Donostia, 1954) egindako Altamiratik, inboluzioa erakusketa dago ikusgai. Azken urteotan egin dituen lanen errepaso bat egin du erakusketarako osatutako bildumak. Lanok azaroaren 11ra arte egongo dira ikusgai, eta ordura arte egunero izango da bisitatzeko aukera, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Ibilbide luzeko artista da Carlos Inda. 15 urte besterik ez zuela ekin zion artearen bideari. Oro har, elementu oniriko eta histrionikoetan oinarritutako lanak egin izan ditu. Halere, hasierako bere jarduna espresionismo abstraktuan zentratu zuen arren, beste arte espresio batzuk ere landu ditu ibilian-ibilian, aurrez egindakoarekin hausteko asmoz. 1979an arte grafikoa landu zuen, Bonifazio Alonso margolari donostiarraren estudioan. Handik urtebetera, 1980an, Euskal Artista Elkartea sortu zuen mugimenduko kide izan zen. Arte diziplina bakarrean lerrokatzearen izu zenez, XX. mende amaieran beste pintura estilo batzuekin hasi zen lanean, bai eta entzuten zuen musika margoen bidez mihiseetan islatzen ere, hala musika klasikoa nola Miles Davisen jazz doinuak. XXI. mendean, baina, 2010eko hamarkadan, arte abstraktura bueltatzeko apustua egin zuen, "iraganera itzultzeko" eta "orainarekin amaitzeko beharrez".

Emakume bat, Carlos Indaren 'Altamiratik, inboluzioa' erakusketako lan bati begira, asteon, Zarauzko Sanz Enea kulturgunean. (Aritz Mutiozabal)

 

Abstrakziorako joera horren adibide dira, hain zuzen ere, Indak berriki Zarautzen ikusgai jarri dituen obrak. Egileak dio bere artista ibilbidearen "atzera begirako bat" dela Altamiratik, inboluzioa bilduman jaso dituenak. "Urte desberdinetako lanak dira, baina saiatu naiz denen artean halako harreman bat sortzen".

Formatu handiko zein ertaineko kolorez eta indarrez betetako obrek janzten dituzte kulturguneko hormak. Txikiagoak ere erakutsi nahi izan ditu eta horiek beira-arasa batek gordeta agertzen dira. Indak esan izan du koadroak oihuak direla, animaliak direla, gizakiak, gaua dela, eta elementu horiek guztiek bat egiten dutela amaierako emaitzan. Donostiarrak askatasunarekin egiten du lan estudioan, eta pintzelak libre uzten ditu mihise gainean olio bidez formak, figurak, atmosferak sortzeko. Joan den hamarkadatik hona zuri-beltzarekin edo kolorerik ezarekin jolastu du, obra ia monokromoak sortuz. Kolore biziak ez ditu, ordea, erabat atzean utzi, eta bi lanketa horien adibideak dira ikusgai Sanz Eneko erakusketan.

Primitibismoa lanetan

Artistak esan du sormen prozesuan "espresionismo abstraktura" itzuli dela, eta nabarmendu du "aldaketa handia" dagoela gaztetan sortzen zituen lanen eta gaur egun egiten dituenen artean. Izan ere, espresionismo primitibo terminoa erabili du azken garaian egin dituen margoak definitzeko. XX. mendean egiten zituen lanek Cobra mugimenduaren edo surrealismoaren eragina zuten, eta mende honetan egindakoek, aldiz, kutsu "primitiboagoa" dute, "onirikoagoa". Indak gaineratu du orain ere espresionismoa lantzen jarraitzen duen arren aurretik egiten zuenaz bestelako espresionismo bat lantzen duela. "Nire azken lanak primitiboagoak dira, onirikoagoak. Espresionismoa da, baina beste mota batekoa".

Primitibismoaren sakontze horretan, «denboran atzera» egin du. Izan ere, azaldu du Altamirako (Espainia) leize zuloetako hormetan orduko gizakiek margotutako okre gorri koloreko animalietaraino heldu dela. Baina mihiseetan olio bidez sortutako kaosaren artean, hainbat elementu aurkitu daitezke, hala nola askotariko animaliak, intsektuak eta landareak. Horrenbestez, "munduan gizakirik apenas zegoen garaiko artistak" ez ezik, bere artista ibilbidean eragina izan duten eta bidaide izan dituenak ere omendu nahi izan ditu Zarauzko Sanz Enean ikusgai dagoen erakusketarekin: Bonifazio Alfonso, Jose Luis Zumeta eta Amable Arias, besteak beste.

"Bat-bateko argazki bat"

Egileak berak bilduma "atzera begirako" erakusketa gisa definitu badu ere, Javier Mina idazle eta artista iruindarra ez dator bat egileak erabilitako termino horrekin. Izan ere, erakusketako katalogorako propio idatzitako testuan Minak dio termino hori "kontraesan bat" dela. "Beti hor egon izan da Inda; hau da, oraindik hor jarraitzen du. Beraz, bat-bateko argazki bat besterik ez da erakusketa hau, espazio-denboran egindako ebaki bat".

Carlos Inda artistaren Altamiratik, inboluzioa erakusketako bi obra, aste honetan, Zarauzko Sanz Enea kulturgunean. (Aritz Mutiozabal)
 

Erakusketan Indaren lagunak diren hainbat artistaren testuak daude irakurgai. Diego Vasallo musikari, artista eta poetarena da horietako bat, eta hark dio Indaren mundua "formaz, izakiz eta itzalez betetako unibertso" bat dela. "Inguratu eta askatzen ez zaituzten izaki eta itzalak dira, oihu egin, laztandu eta zikintzen zaituztenak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide