Hamabost upategik parte hartuko dute Txakolin Egunean

Intza Trula 2024ko urr. 28a, 13:00

Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria, Xabier Txurruka Zarauzko alkate eta Itziar Eizagirre Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentea. (Zarauzko Udala)

Igande honetan ospatuko dute Zarauzko Txakolin Eguna, Txermenduaren jaia izenburupean. Egunari lotuta, txakolina eta pintxoa prezio berezian eskuratu ahal izango dira ostegunetik igandera arte herriko hainbat tabernatan.

Txermenduaren jaia izenburupean ospatuko dute aurtengo Txakolin Eguna Zarautzen. Igande honetan izango da, hilaren 3an, eta hamabost upategitako txakolina dastatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek egun horretan. Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak eta Getariako Txakolinak antolatu dute egitaraua, Zurekin ostalari elkartearen laguntzarekin.

Txurrukaren esanetan, "gure herritik mundu guztira iristen den edari preziatua da txakolina". Txakolingileek egiten duten lana "harro egoteko modukoa" dela dio; horregatik, "zarauztarrak eta inguruko biztanle guztiak" gonbidatu ditu jaiaz gozatzera.

Hori hala, 11:30ean emango diote hasiera egunari, Lege Zaharren enparantzatik txistulariekin aterako den kalejirarekin. Ordu berean, Txermenduaren esperientzia izeneko tailerra eskainiko dute haurrentzat, plazan bertan, Zurekin elkartearen eskutik. 12:00etan, Txakolin Dantza eskainiko du Jalgi dantza taldeak Arrain Zopa abesbatzarekin batera. Halaber, bertso saioa izango da Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin. Jarraian, txistulari eta dantzariek Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte.

12:30ean hasiko da txakolin dastaketa, Lege Zaharren enparantzan. Bertan, Getariako Txakolina jatorri izeneko txakolinak dastatu ahal izango dira, baita arkume erre pintxoak ere. Honakoak dira Txakolin Egunean parte hartuko duten hamabost upategiak: Arregi, Basa Lore, Mokoroa, Rezabal, Talai Berri, Agerre, Aizpurua, Ameztoi, Gaintza, Gañeta, Ulacia, Txomin Etxaniz, Blai, Katxiña eta Aitaren.

Txakolina eta pintxoa, prezio berezian

Txakolin Egunaren barruan, Zurekin elkarteari esker, ostegunetik hasi eta igandera arte txakolina eta pintxoa prezio berezian eskuratu ahal izango dira ondorengo tabernetan: Argiñano, Aritzbatalde, Arrano, Basarri, Euromar, Euskalduna, Gau Txori, Itxaski, Itxaslur, Labaka, Mendabide, Mauka, Napar berri, Naparrak, Napar-Zahar, Salegi, Tivoli eta Txiki Polit.

Honakoa da igandeko egitaraua:

  • 11:30. Kalejira txistulariekin, Lege Zaharren enparantzatik hasita.
  • 11:30. Txermenduaren Experientzia tailerra, plazan.
  • 12:00. Txakolin Dantza Jalgi Dantza tardearen eta Arrain Zopa abesbatzaren eskutik.
  • Ordu berean, bertso saioa Andoni Egañarekin eta Sebastian Lizasorekin.
  • Jarraian, txistulariak eta dantzariek kaleetan barrena.
  • 12:30. Txakolin dastaketa eta arkume erre pintxoak. Kopa + 5 Txakolin (6,00€) Arkume pintxoa (2,50€).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide