Usoa Ostolazak Laboral Kutxa taldearekin jarraituko du 2027ra arte. Hala adierazi du bere sare sozialetan argitaratutako bideo batean: "Beste hiru urte polit aurretik etxeko taldearekin". Txirrindularia "oso pozik" agertu da erabakiarekin, eta gehitu du "oso baloratuta" sentitzen dela taldean. "Etxean sentitzen naiz, eta horrek asko motibatzen nau", gehitu du.
Zarauzko txirrindulariak 2025era arte zuen kontratua indarrean, iaz berritu ondoren, baina bi aldeek etorkizuneko "kirol proiektu euskaldun batean lotura luzatzeko nahia bete dute". Izan ere, Ion Lazkano Laboran Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen kirol arduradunaren esanetan, Ostolazak "ezin hobeto" irudikatzen du Euskadi Fundazioak eta Labora Kutxak duten helburua: "etxeko txirrindulariei maila gorenean lehiatzeko aukera eta beharrezko baliabideak ematea". Eta gehitu du: "Aurten egin duen denboraldia goraipatzekoa da, garaipenak lortu ditu eta taldeari protagonismo handia eman dio".
Ostolazarekin batera, talde horretan arituko dira hurrengo txirrindulariak: Naia Amondarain, Idoia Eraso, Ane Santesteban, Debora Silvestri, Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.