Itzal handiko lau abesbatza ariko dira Nazioarteko Ahotsak zikloan

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 27a, 12:00

Irune Urbieta, Juanan Urdangarin eta Bego Ajuria, Nazioarteko Ahotsak zikloaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Aurten ere, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren babesean, maila handiko taldeen emanaldiak antolatu ditu Zarauzko Abesbatzak, udaleko Kultura sailarekin lankidetzan. Urriaren 31tik azaroaren 4ra izango da, Frantziskotarren elizan.

Urriaren 31tik azaroaren 3ra Tolosako 55. Abesbatza Lehiaketa izango da eta, ohi bezala, nazioarteko abesbatza onenek hartuko dute parte. Munduko lehiaketarik garrantzitsuenetako bat da eta aski jakina da bertaratzen diren abesbatzen aparteko maila. Zorionez, Tolosako Ekinbide Etxearen eta Zarautz Abesbatzaren arteko harreman sendoari esker, eta Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean, Nazioarteko Ahotsak jaialdi zikloaren edizio berria antolatu dute.

Zarautz Abesbatzako lehendakariorde Juanan Urdangarinek argi utzi du egitasmoa antolatzeko arrazoia, hasierakoa eta egungoa ere, zein den: "Nazioarteko Ahotsak antolatzen dugu, gure herrian ere izan dezagun itzal handiko abesbatza horien gertuko isla eta haiekin gozatzeko aukera". Aurten, lau talde ariko dira kantuan: horietako bi 16 urtetik beherakoek osatutakoak –The Resonanz Children´s Choir (Indonesia) eta  World Vision Children´s Choir (Hego Korea)– eta beste biak–Vilnius Bel Canto Choir (Lituania) eta  Storkyrkans Kammarkör (Suedia)– ahots nahasiko helduen taldeak.

Hasieran, bosgarren abesbatza bat ere txertatuta zeukaten egitarauan: Txinako The Dream Children’s Choir of Banlam Grand Theatre. Aurreikuspenen arabera, urriaren 30ean abestekoa zen Zarautzen, baina taldeak ezin izan du hegaldia garaiz hartu eta egun bat geroago iritsiko da Euskal Herrira.

Abesbatza zikloari Indonesiako The Resonanz Children´s Choir-ek abiatuko du datorren ostegunean, urriaren 31n. Punta-puntako taldea dela aditzera eman zuen Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Escuderok, "lehiaketetan nagusitasunez irabazten duen horietakoa". Azaroaren 2an ariko diren Lituaniako Vilnius Bel Canto Choir, berriz, ezagunak direla herrian azaldu zuen, "ez baita lehen aldia hemen abesten dutena".

Tolosako antolakuntzatik zehaztu dietenez, Suediako Storkyrkans Kammarkör  abesbatza "oso ona" da, eta azaroaren 3ko emanaldia entzuteko desiratzen daude. Nazioarteko Ahotsak egitasmoa hurrengo egunean bukatuko da, azaroaren 4an, Hego Koreako World Vision Children´s Choir taldearen eskutik. Zarautzen izan dira Asiako hainbat abesbatzen ordezkaritzak, baina lehen aldia da Hego Koreako baten bisita jasoko duena.

Maila handikoak

Zarauzko zikloan parte hartuko dute lau abesbatzak maila handikoak direla nabarmendu zuen Escudero. "Gainera, hona etortzen diren askok saria lortzen dute Tolosako lehiaketan", zehaztu zuen zuzendariak. Zarautz ez da lehiaketako partaideak hartzen dituen udalerri bakarra –Hondarribia eta Iruñea, besteak beste–, baina etortzen diren taldeek "errepikatu "nahi izaten dute. Hainbat abesbatza parte hartzailek Zarautzen hartzen dute ostatu, eta udal eraikinetan entseatzen dute, Zarautz Abesbatzako kideen laguntzaz kudeatuta.

Kultura zinegotzi Irune Urbietak dio zarauztarrek eta udalak berak "gogoz" jasotzen dutela aurten ere Nazioarte Ahotsa egitasmoa. Bere hitzetan, Zarautz Abesbatza urteak daramatza urtero-urtero posible izan dadin, eta fideltasuna hori eskertu nahi izan du, baita herriko kaleak musikaz betetzeagatik. Kantu zikloa "herriko ekonomiarentzat ere ona" dela, eta, gainera, bizipoza ematen diola azpimarratu du. Zentzu horretan, udala laguntzeko prest izango dutela gehitu du.

Urteroko ohiturari jarraituz, emanaldiak Frantziskotarren elizan izango dira, 20:00etan hasita. Sarrerak emanaldia hasi baino lehen eskuratu ahal izango dira eliz atarian, 5 euroan; Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, berriz, 3 euroan.  Bego Ajuria batzordekideak abesbatzaren lagun izatearen abantailen berri eman zuen, eta urteko kuota 15 eurokoa dela.

EGITARAUA

  • Urriak 31, osteguna:  The Resonanz Children´s Choir (Indonesia).
  • Azaroak 2, larunbata: Vilnius Bel Canto Choir (Lituania).
  • Azaroak 3, igandea: Storkyrkans Kammarkör (Suedia).
  • Azaroak 4, astelehena: World Vision Children´s Choir (Hego Korea).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide