Lander Azkue eta Ion Ferrera: "Askapen sentipena daukagu 'Lahar' diskoa kaleratu genuenetik"

Intza Trula - Gorka Eizagirre 2024ko urr. 23a, 11:00

Lahar izeneko lehenengo diskoa kaleratu du Nabasik, Zarauzko musika taldeak. Bost urteko lan luzearen emaitza da diskoa; horregatik, orain kontzertuetan "gozatzeko garaia" heldu zaie.

Iñigo Azkue, Lander Azkue eta Ion Ferrera zarauztarrek eta Pablo Sanchez ordiziarrak (Gipuzkoa) osatzen dute Nabasi musika taldea. Bost urteko lanaren ostean, urrian kaleratu dute lehen diskoa, Lahar izenburupean. Lander Azkuek (Zarautz, 1991) eta Ion Ferrerak (Zarautz, 1992) diotenez, azken emaitza jendaurrean aurkezteko gogoz dago taldea.

2019. urtean hasi zineten elkarrekin entseatzen. Nola elkartu zen Nabasi?

Lander Azkue: Orain Zarautzen entseatzen dugu, baina hasiera batean Donostian hasi ginen elkartzen. Urte hauetan zehar taldekide ezberdinok osatu dugu Nabasi, eta azkenean egungo laukotea izatera iritsi gara. Antzeko musika estiloak gustatzen zaizkigu, eta beste talde batzuetan parte hartu izanagatik ezagutzen genuen elkar. Kantak sortu eta ondo pasatzeko asmoz elkartu ginen hasieran, eta Ion Ferrera izan da taldera batu den azken kidea. Haize freskoa eman digu Ferrerak.

Bost urteren ondoren Lahar izeneko diskoa kaleratu duzue, taldearen lehena. Diskoa osatzen duten zortzi abestiak "autosufizientzia ariketa bat" izan direla diozue. Zergatik?

Ion Ferrera: Autosufizientzia ariketa bat izan direla diogu egindako guztia Zarauzko estudioko lau pareten artean egin dugulako: abestien sormena, grabaketa, nahasketa... dena bertan sortutakoa da. Masterizazioa izan da kanpoan egin dugun gauza bakarra.

Zer estilo dute abestiek?

L. A. : Post-hardcorea eta 90eko hamarkadako emo amerikarra ditugu gustuko Iñigok, Pablok eta nik. Ionek, ordea, beste eragin batzuk ditu; blues estiloa gehiago kontrolatzen duela esan dezakegu. Halaber, shoegaze estiloa ere oso presente daukagu abestiak sortzerakoan, eta hori islatzen saiatu gara diskoan.

Norenak dira hitzak?

I. F. : Ni beranduago batu naiz taldera, eta dagoeneko sortuta zeuden abestiak. Aurretik zeuden taldekideenak dira hitzak, nahiz eta nik xehetasun batzuetan parte hartu dudan. Gehienbat ahotsa sartzea izan da nire lana.

Zeri egiten dio erreferentzia diskoaren izenak?

L. A. : Lahar fenomeno bolkaniko bat da, eta gure ibilbidea sumendi batekin sinbolizatu nahi izan dugu. Urteak daramatzgu elkartzen, eta ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan da. Bost urteren ondoren lortu dugu lehen proiektua amaitzea, eta nolabait, sumendi hori lehertzea. Askapen sentipen batekin gaude diskoa kaleratu genuenetik, eta orain kontzertuak emateko gogoz gaude; bost urte hauetan egindako lana partekatu nahi dugu.

Denbora gutxi darama diskoak kalean, baina onezkero jasoko zenuten publikoaren feedback-a.

L. A. : Espero genuena baino harrera hobea izan du Lahar diskoak. Ez genekien estilo aldetik ondo funtzionatuko zuen ala ez, baina erantzuna positiboa izan da.

Aurrera begira, artistaren batekin elkarlanean aritzeko asmorik ba al duzue?

I. F. : Zarauzko Sofa musika taldearekin batera kontzertu batzuk emateko asmoa daukagu.

L. A. : Beraiekin zerbait grabatzea gustatuko litzaiguke. Halere, oraindik ez dugu ezer itxi.

Zein dira, beraz, taldearen helburuak orain?

L. A. : Diskoa aurkezteko hainbat kontzertu itxita ditugu dagoeneko: esaterako, azaroaren 2an, Arraio irratiak antolatuta, Zarauzko gaztetxean joko dugu. Azaroaren 9an, berriz, Bermeon (Bizkaia) ariko gara zuzenean, eta abenduaren 13an Orion izango gara.

Beraz, ez duzue proiektu berririk esku artean.

L. A. : Orain disfrutatzea dagokigu. Urte hauetako prozesua oso luzea izan da, eta egindako lan guztia jendearekin elkarbanatzeko eta ondo pasatzeko garaia da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide