Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak Salberdin eremuan eraikitzen ari diren etxebizitza publikoak bisitatu zituzten atzo goizean. Hain justu ere, alokairura bideratuko diren 60 zuzkidura bizitokiren obrak, eta Visesa erakunde publikoak sustatutako, alokairu erregimeneko babes ofizialeko 91 etxebizitzen obrak. Ekitaldian izan ziren, gainera, udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbide, udaleko bigarren alkateorde Gloria Vazquez, Etxebizitza sailburuorde Miguel de los Toyos eta bi exekuzio planen buru-belarri dauden enpresetako ordezkariak.
Zuzkidura bizitokien proiektuen lanak "oso aurreratuta" daude, eta hasiera batean, 2025 apirilerako erabilgarri egotea aurreikusten bazuten ere, epea aurreratu daitekeela adierazi zuen Etxebizitza sailburuak. Epeak bete dira eta lan erritmo on hori erakunde guztien arteko lankidetzari esker izan dela posible azpimarratu zuen, Zarauzko Udalari aipamen berezia eginez. "Etxebizitza hauek duten berezitasuna da emantzipaziorako pentsatuta daudela. Alegia, errotazioan daudela, eta gehienez bost urtez bizi ahal izango dutela bertan gazteek", zehaztu du Itxasok. Pauso berri bat eman dela gaineratu du, geroz eta pertsona gehiagori "kalitatezko etxebizitza eskuragarri baterako sarbidea" bermatzeko.
Proiektuaren aurrekontua 6.882.894,28 eurokoa da, eta 36 urtetik beherako Zarauzko nahiz ingurutako gazteei "bizileku soluzio irisgarria" eskaintzea du helburu. 60 zuzkidura bizitokietako hiruk bi logela dituzte –azalera osoa, 53,76 metro koadrokoa gutxi gorabehera– eta beste 57ek logela bakarra dute –azalera erabilgarria 36,55 eta 51,02 metro koadro artean gutxi gorabehera–. Azken horien artean, hiru bizitoki egokituta daude mugikortasun urriko pertsonentzat –azalera erabilgarria 53,73 metro koadrokoa gutxi gorabehera–. Etxebizitza guztiek kanpora ematen duen terraza bat izateaz gain, garaje eta trasteleku bana dute sotoan.
Halaber, kanpotik ireki daitekeen lokal bat ere dago beheko solairuan, bizikletak gordetzeko. Solairu guztiak bertikalki komunikatzen dituen erdiko patio baten inguruan egituratuta dago, eraikinaren espazio komunak ikusgai eginaz eta bizilagunen arteko interrelazioa erraztuz. Energiari dagokionez, berokuntza eta etxeko ur beroko ekipamendurako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murriztu eta energia asko aurrezteko planteatu da blokea.
Sartzeko baldintzak
Alokairuko zuzkidura etxebizitza bat eskuratu ahal izateko altan egon behar da, alokairuko eskatzaile gisa, Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroan, Zarauzko udalerrian edo Urola Kostako eremu funtzionaleko udalerriren batean, hau da, Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zestoa eta Zumaian; Etxebideko inskripzioaren titularretako batek Zarautzen erroldatuta egon behar du; 36 urtetik beherakoa izatea; 3.000 eta 43.753,71 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izatea 2023. urteko errenta-ekitaldiari dagokion zergaldian; bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonetako batek ere ezin izango du etxebizitzarik eduki jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean; hiru kide gehienez izango dituen bizikidetza-unitate bateko kide izatea.
Xabier Txurruka alkatea eskertuta agertu zen atzoko bisitarekin, eta argi utzi zuen Etxebizitza Saila eta Zarauzko Udala "elkarlan sendoan" ari direla urte hauetan Etxebizitza Plana abian jarri zutenetik hona. “Aldapeta hasi zen guztia, eta Salberdin hemen dago, orain 60 zuzkidura-bizitoki eta alokairuko 91 etxebizitzekin. Etorkizunean etorriko dira Iñurritza, Lanpardo eta Irita-Amillubikoak, besteak beste. Etorkizun hurbilean Jaurlaritzaren esku utziko ditugu partzelak alokairu-erregimeneko 255 etxebizitza publiko berri eraiki ditzan", nabarmendu zuen.
Era berean, Txurrukak ondorengoa gaineratu zuen: "Zarautz bezalako herri batean, badakigu etxebizitzaren gaia delikatua dela, eta instituzioek elkarlanean beste behin konpromisoa agertzen dugu arazo horri aurre egiteko".
Salberdingo etxebizitzak
Visesak Salberdin eremuko R-9 lursailean ari da eraikitzen alokairuko babes ofizialeko 91 etxebizitzak, eta haiek ere ikusten aritu ziren. Sustapenaren inbertsioa 20.386.905,15 eurokoa da; horietatik 3.997.584 euro Europako Next Funtsen bidez finantziatu da eta 16.389.321,15 euroak azalera eskubidedunaren ekarpena dira. Cooperativa Arquitectosek idatzi du proiektua eta Amenabar ari da eraiki; une honetan egitura-fasean dago, 0 kotatik atera gabe oraindik
Eraikinak zortzi solairu izango ditu eta modu honetan egituratuta egongo da: logela bakarreko zazpi etxebizitza –azalera erabilgarria, 45 metro koadro gutxi gorabehera–, 65 metro koadro inguruko azalera erabilgarria duten bi logelako 75 etxebizitza –horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta– eta 85 metro koadro inguruko azalera erabilgarria duten hiru logelako bederatzi etxebizitza –horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta–. Halaber, sarbidea arrapala bakar baten bidez izango duten hiru garaje independente izango ditu –134 aparkaleku, guztira–, baita eta trastelekuak ere. Beheko solairuan 400 metro koadroko lokal bat egongo da.