Epaimahaiak horrela erabakita, Stefano Bonilauri, Lucien Danceisen eta Elias Frisk konpositoreek eraman dituzte XVII. Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako sariak. Atzo egin zuen sari banaketa ekitaldia Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, Zarauzko Modelo aretoan.
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Francisco Escuderoren semea den Francisco Mari Escuderok izan zuten sariak banatzeko ardura. Halaber, Hauspoz elkarteko lehendakari Arantza Agirrek parte hartzaile guztiei eta epaimahaiari eskerrak emateko baliatu zuen ekitaldia "erakutsitako dedikazio eta konpromisoagatik". Aurtengo sariketak 35 herrialdetako 100 konpositore baino gehiagoren parte hartzea izan du. Antolatzaileen esanetan, aurten inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ditu lehiaketak, eta horrek "jaialdiaren nazioarteko garrantzia berresten lagundu du".
Bonilauri konpositore italiarra lehenengo modalitatean, akordeoirako eta ganbera-musikarako obra berrien atalean, nagusitu zen. Vento, piango veloce lana aurkeztu zuen hark, akordeoi triorako konposatua. Modalitate berean epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Frisk konpositore suediarrak, In Silhouette akordeoi eta biolinerako piezagatik. Bigarren modalitatean, helburu pedagogikoak dituzten obren kategorian, Danceisen konpositore suitzarra izan zen irabazlea, Tiere hüpfen in einen See akordeoi eta biolarako lanagatik. Sari modura, Hauspoz Elkarteak akordeoi talde handirako enkargua egingo dio suitzarrari.
Gainera, atzoko sari banaketan bi estreinaldi entzuteko aukera izan zen Modelon. Zehazki, iazko edizioko garailea izan zen Arsen Babajanyan armeniar musikagilearen Neither... nor... eta akordeoi orkestrara moldatutako Jan Foote konpositorearen Around Again. Halaber, Marta Cubas eta Elisa Ruiz akordeoi jotzaileek osatutako Éire bikoteak Eskudero maisuaren omenez Piano eta Orkestrarako Euskal Kontzertua eskaini zuten.
Aurtengo epaimahaia musikaren alorreko pertsona nabarmenek osatu dute: Helga Arias konpositorea eta Francisco Dominguez konpositoreek eta Mateja Zenzerovic akordeoi jotzaileak, hain zuzen. Bi modalitateetan aurkeztutako lanen "kalitate eta aniztasun handia" nabarmendu zituzten epaimahaikide guztiek.
(Argazkiak: Hauspoz eta Intza Trula)