Gaurtik aurrera, autobuseko txartelak telefonoz ere erosteko aukera izango dute Avanzako lineen erabiltzaileek; hau da, Gipuzkoa Bizkaiarekin eta Arabarekin lotzen duten ibilbide luzeko lineak erabiltzen dituztenek. Zarautzen, Bilbora, Gasteizera eta Loiuko aireportura joaten diren autobusen erabiltzaileentzako izango da zerbitzu berria. Helburua da Lurraldebuseko erabiltzaile kopuruaren hazkundeari aurre egitea, baita bidaiari batzuek izan dezaketen eten digitalari ere.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eman zuen zerbitzu berriari buruzko informazioa joan den ostegunean. Telefono bidezko salmenta-zerbitzua egunero egongo da erabilgarri, astelehenetik igandera, 07:30etik 21:30era, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean izan ezik. Erabiltzaileek 843 740 286 zenbakira deitu beharko dute txartelak erosi ahal izateko, eta erosteko baldintzak online erosketakoen berdinak izango dira. Gainera, erabiltzaileek telefono zerbitzuaren bidez edo Avanza webgunearen bidez erositako txartelak aldatu eta baliogabetu ahal izango dituzte, online erosketaren baldintzen arabera. Beste edozein gai, hala nola lokalizatzaileen eskaera edo beste kontsulta batzuk, Avanza Bezeroaren Arreta Zerbitzuak artatzen jarraituko du.
Bost aldiz bidaia gehiago
"Neurri hau beharrezkoa zela uste dugu, oraindik gipuzkoar askok ez dakitelako edo ezin dutelako unibertso digitalean sartu, eta garraio publikorako sarbidea erraztu behar diegulako herritar guztiei txartelen erosketetan erraztasunak jarrita. Gainera, horrela beste tresna bat eskaintzen dugu erabiltzaileen eskaera gero eta handiagoari hobeto erantzuteko. Garraio publikoa beste eskubide batzuen sarbidea bermatzen duen eskubidea da, eta gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoaren aldeko apustua egitea nahi badugu, zerbitzu jasangarria, erosoa, segurua, irisgarria, lehiakorra eta kalitatezkoa bermatzeaz gain, bertara iristea erraztu behar dugu, eta horretarako, herritarrek erraztasunak izan behar dituzte txartelak eskuratzeko orduan”, adierazi du diputatuak.
Gaineratu du "pandemiaren aurreko urteetan baino bost aldiz bidaia gehiago egiten" ari direla Avanzari atxikitako Lurraldebuseko lineak.