Etzi egingo du lehen bilera Emakumeen Etxeko Asanbladak

Intza Trula 2024ko urr. 14a, 09:00

Emakumeen Etxeko Asanbladaren lehen bilera egingo dute etzi. (Zarauzko Udala)

Emakumeen Etxeak Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuarekin eta Berdintasun kontseiluarekin lankidetzan abiatu nahi du Emakumeen Etxeko Asanblada. Bilera 18:30ean hasiko da, Emakumeen Etxean bertan.

Urrian lau urte beteko dira Zarauzko Emakumeen Etxeak ateak zabaldu zituenetik, eta denbora honetan emakumeek euren eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzeko txoko bilakatu da. Orain, ordea, pauso bat gehiago eman nahi dute; horregatik, Emakumeen Etxeak, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuarekin eta Berdintasun kontseiluarekin batera Emakumeen Etxeko Asanbladako lehen bilera deitu dute. Etzi izango da saioa, 18:30ean, Emakumeen Etxean.

Emakumeen Etxearen dinamika lantzeko organoa Emakumeen Etxeko Mahaia izan da bere sorkuntzatik, eta bertan hainbat ekimen proposatu eta garatu dira Berdintasun departamentuarekin elkarlanean. Bestetik, 2009an Berdintasun kontseilua sortu zen, eta ordutik berdintasun politiken jarraipena eta hainbat proposamen aurrera atera dira –  Emakumeen Etxea bera sortzearen proposamena, esaterako–.

Emakumeen Etxeko Asanbladaren helburu nagusia Zarauzko emakumeon parte hartzeari bultzada ematea da. "Mahaian emakume gehiagok parte hartzea beharrezkoa da, eta bereziki emakume gazteak animatu nahi ditugu", diote bileraren sustatzaileek.

Zarauzko emakume guztiak animatu dituzte bileran parte hartzera, eta gaiaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero emakumeenetxea@zarautz.eus helbidera idatzi edota 943-00 51 36 telefono zenbakira deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide