Gaineko zama doinu berriz askatuta

Intza Trula 2024ko urr. 11a, 13:00

Zamalanak diskoa kaleratu du Keia taldeak. Urria amaieran ekingo diote proiektu berria zuzenean aurkezteari.

Barruko zama askatzeko bidea aurkitu du Keia taldeak, eta, hain zuzen ere, biluzte horren emaitza da Zamalanak diskoa. Laukoteak kaleratutako bigarren bilduma da –Erregaia izan zen taldeak ondutako lehen diskoa–, eta Ane Arruti musikari zarauztarraren esanetan, "denbora askoan gurdiari tiraka edo bizkarrean pilatutako zama askoren kontzientzi hartzea izan da lan berria".

Arrutiren bizipenak oinarri dituzten zortzi abestik osatzen dute proiektua; Ezin kabitu, Kartolak begietan, Bakarrik, Hanka sartzen, Tiraka nabil, Nora ihesi, Ezingo duzu eta Argi eta ilunak abestiak entzun daitezke bertan.

Hitzetan ez ezik, soinuaren aldetik ere ideia berriak txertatzearen aldeko apustua egin du Keiak bigarren disko honetan. "Erregaia diskoko abestiak ilunagoak, pausatuagoak, eta astunagoak ziren; oraingoan, aldiz, zerbait arinagoa egiten saiatu gara", dio Arrutik. Erritmoari dagokionez, "aberastasuna" bilatzen saiatu direla gaineratu du, eta horretarako, esaterako, hainbat efektu txertatu dituzte. Arrutiren iritziz, abestiak "zuzenak, apaindura askorik gabekoak eta melodiadunak" dira.

Otsaila inguruan grabatu zuten diskoa, Usurbilen (Gipuzkoa), Haritz Harregi musika ekoizlearen estudioan. Musikariak aitortu duenez, behin grabaketak amaituta lasai egoteko tarte bat hartu zuten, "taldekide guztien erritmoak errespetatu nahian". Horregatik kaleratu dute orain Zamalanak, urria hasieran, eta oraingoz entzuleen feedbacka ona ari da izaten: "Diskoak kalean daraman denbora gutxian iruzkin positiboak jaso ditugu. Egia da gu ere oso pozik gaudela emaitzarekin, eta espero dugu publikoak ere horrela jasotzea".

Aurki jendaurrean

Urriaren 24an emango dute lehen kontzertua, Arrasateko (Gipuzkoa) Kooltur Ostegunak egitasmoaren barruan. Arrutik aurreratu duen moduan, pieza berriak taularatzeaz aparte, abesti zaharrak ere interpretatuko dituzte datozen zuzenekoetan. "Zuzeneko indartsuak eta gozatzeko modukoak eskaintzea espero dugu", esan du musikariak.

Aitzitik, proiektu berrien inguruan galdetuz gero, "lasai" egoteko asmoa dutela esan du Keiako musikakariak: "Oraintxe bertan zuzenekoetan zentratuta gaude, eta bere denbora eskaini diogu horiek prestatzeari. Izan ere, lau instrumentuez gain, soinu berriak integratu behar ditugu zuzenekoetan, eta hori lantzen gabiltza". Oraingoz, behintzat, ez dute lan berri bati heltzeko asmorik; "aurrerago ikusiko dugu hori".

Aitortu du entseatzen "gustura" dabiltzala lokalean, sentipen "onak" dituztela eta jendaurreko zuzenekoekin hasteko "gogotsu" daudela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide