2025eko ordenantza fiskalek %4ko igoera orokorra izango dute Zarautzen, udal gobernuak iraileko osoko bilkurara eramandako proposamena onartu ondoren. Inguruko gainerako udalek planteatu duten igoeraren oso antzekoa dela zehaztu zuen Ekonomia eta Ogasun zinegotzi Iker Basurkok, eta Zarauzko kasuan, eguneratzea iaz planteatutakoaren jarraipena dela, "prezioen eguneratzea mailakatua izan dadin".
Hainbat dira iaztik izango diren aldaketak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokienez, %0,19tik %4ra igo dute karga; igoera handia den arren, indize hori "inguruko herri askok aplikatuta dutenaren azpitik" dagoela azaldu zuen Basurkok. Era berean, %90eko hobaria jasoko dute etxebizitza hutsen eta alokairuen programetarako Eusko Jaurlaritzara bideratutako etxebizitza hutsek.
Eraikuntzaren, instalazioen eta obren kasuan, %80ko hobaria jasoko dute etxebizitza batean oztopo arkitektonikoak kentzen dituztenek etxe horretan aniztasun funtzionala edo urritasun fisikoa duen norbait edo 70 urtetik gorako pertsonaren bat bizi delako. Kirol departamenduan ere %4ko igoera izango da, baina Gizarte sailak hala eskatuta, autonomia mugak dituztenen laguntzaileek doako sarrera izango dute aurrerantzean.
PSE-EE pozik agertu da udal tasen eta zergen onespenarekin. Sozialistak harro daude udal gobernuak ez duelako "familia ekonomia kargatuko" eta "herritarren interesen alde" egiten duelako. Era berean, modu positiboan baloratu du OHZ %4 igotzeko EAJrekin egindako akordioa, baita etxebizitza hutsen gaineko errekagua moldatzekoa ere; orain arte, 300kWh-ko energia kontsumoa justifikatzearekin nahikoa zen. "Kontsumo hori oso baxua da, beraz, igotzea adostu dugu. Aztertu egin beharko dugu noraino igo daitekeen, baina gustura gaude hartu den konpromisoarekin", aipatu zuen PSE-EEko kide Inaxio Illarramendik.